https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal Herriko historiaren inguruko erakusketa bikoitza

Kepa Etchandy-ren argazkiekin osatutako bi erakusketak irailaren lehenengo egunera arte ikusi daitezke Hendaiako Mendi Zolan kulturgunean

AMALIA IBARGUTXI

Oporretan bazaude, aukera ezinhobea izan daiteke Hendaiara hurbiltzeko. Izan ere, irailaren lehenengo egunera arte bi erakusketa daude ikusgai Mendi Zolan kulturgunean Kepa Etchandy-ren argazkiekin osatutakoak. Euskal Kultur Erakundeak antolatuta, alde batetik, 'Amerikanoen jaraunspena' dago ikusgai, eta bestetik, 'Mugi hitzen musikan' euskal kantuei eskainitako argazki-erakusketa bisitatu daiteke. Doakoa da sarrera.

'Amerikarren jarauspena' erakusketak, argazkilariaren bizitzara eramango du ikuslea. Izan ere, argazkietan, Etchandyk Argentinara egin zuen bidaian du hasiera. Duela ia bi hamarkada, 1999an, Kepa Etchandy, Baionako argazkilariak, osaba baten aztarnak aurkitu zituen Miramarren, Buenos Aireseko zonalde inguruan, eta 2003an lehen bidaia egin zuen hara. Herrira bueltatu zenean, 'amerikanoak' deitzen zieten migratzaile euskaldunek utzitako ondarea nolabait irudikatu nahi izan zuen, eta orduan jaio zen argazki-erakusketa.

«Hain urrun joan zirenen oroimena pizten» saiatu da horrela, hamar testu eta argazkidun panelen bitartez. Erakusketako testuak elebidunak dira. Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Biarritzeko udalak 2010ean ekoitzitako erakusketa da.

Ahozkotasuna iruditan

Mendi Zolan kulturgunean ikusi daitekeen bigarren erakusketak 'Mugi hitzen musikan' du izena, eta euskal kantugintzaren ingurukoa da. Lau hizkuntzatan dauden bi ukipen-pantailen bitartez, euskal kantuari buruzko aplikazio bat erakusten du, 120 euskal kantu entzuteko parada eskainiz.

Bi pertsonak kontsulta dezakete denbora berean ukipen-pantaila bateko edukia, soinuak bi kaskoren bidez entzuten dituztelarik. Proiektu hau 2008an ekoitzi zuen Etchandik, beste 11 argazkik osatzen dutena, denak txuri-beltzean, eta Argia aldizkariko hemerotekatik ateratakoak.

Bertan ageri dira Maite Idirin, Benito Lertxundi, Erramun Martikorena, Anje Duhalde, Manex Pagola, Peio Ospital eta Pantxoa Carrere, Estitxu Robles Arangiz, Mattin eta Xalbador bertsolariak eta Michel Labeguerie, Niko Etxart, Mikel Laboa , Lurdes Iriondo eta Xabier Lete, Eñaut Etxamendi eta Jean-Louis Laka.

Erakusketa larunbatera arte ikusi daiteke, esan bezala, doan eta 10:00etatik 13:00era eta 15:00etatik 19:00etara.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos