Euskal Herriko «garai oso ezberdinak», 'Nor Naizen Baneki' antzezlanean
Harkaitz Cano idazleak eta Ximon Fuchs zuzendariak ekarritako lan honek miaketa historiko, kultural eta politiko bat proposatuko die aste honetan Arriaga eta Barakaldoko antzokietara hurbiltzen direnei
Indusketa berezi bat egiteko unea da, eta, horretarako, Artedrama eta Axut konpainiek arkeologo lanak egitea proposatuko diote ikusleari asteazkenean eta ostegunean, Arriaga Antzokian (19.00etan), eta larunbatean, Barakaldokoan (20.00etan), 'Nor Naizen Baneki' antzezlanaren bidez. Harkaitz Cano idazleak eta Ximon Fuchs zuzendariak ekarri duten proposamenak miaketa historiko, kultural eta politiko bat proposatuko die bertaratutakoei hurrengo galderak planteatuz: nor ote naiz?, zerk definitzen nau?, zer gertatu zaigu euskaldunoi iraganean?, zer gertatzen zaigu gaur?, nora joan nahi dugu bihar?...
Publicidad
Euskara hutsezko antzezlan interesgarri honen arduradunen arabera, Irulegiko eskuaren aurkikuntza izan zen abiapuntua obra honi forma emateko, baina hortik abiatuta «garai oso ezberdinak hartzen dituen istorio propioa sortu dugu», diote. Fuchsek EITBri egindako adierazpenetan azaldu zuen bezala, «parking bat egiteko antzoki bat eraitsi behar denean hasten da obra. Une horretan, arkeologoak hasten dira indusketan eta gauzak aurkitzen hasiko dira, ikusleen artean ere harridura sortuz».
Aline Etxeberri aktoreak esan duenez, gainera, «garai ezberdinetako pertsonaiek hari bat jarraituko dute, gaur egungoek iraganekoekin zerikusi handia dutela eta gure arbasoen amets eta traumek jarraipena dutela erakutsiko diguna».
Zapalkuntza linguistikoa, patriarkatua...
Sinopsian kontatzen denaren arabera, 'Nor Naizen Baneki' Euskal Herriaren 2000 urteotako historia da eta historia hori garai ezberdinetan gurutzatzen diren bi familien istorioak kontatuz harilkatu dute, familia, populuaren eta herriaren metafora gisa. Aldi berean, antzezlanean, Artedrama eta Axutekoek «bizi gaituen garai eta ingurune honi biziki loturik dauden pertsonaiak eta gaiak jokatzen dituzte», hala nola, zapalkuntza kultural eta linguistikoa, patriarkatua eta bere bortizkeria matxista amatasuna, zaintza, lana eta prekarietatea, klase borroka, botere-harremanak, des-jabetzatik eraikitako jabetza…
Aipatzekoa da Harkaitz Canok eta Ximun Fuchsek idatzitako antzelan honetan parte hartzen duten aktoreak Aline Etxeberri, Garoa Bugallo, Idoia Tapia, Maialen Diaz, Manex Fuchs, Oier Zuñiga eta Ramon Agirre direla, eta «ondo baino hobeto islatzen dutela antzezlanak hausnartzen duena, alegia, iragana, oraina eta etorkizuna elkarrekin eta batera baino ezin direla ulertu».
Publicidad
Duela aste batzuk Luhuson estreinatu zenetik, arrakastaz igaro da Donostiatik eta Azpeititik. Eta aste honetan Arriaga eta Barakaldoko antzokietan zehar ibili ondoren, Baionan eta Gasteizen izango dira.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión