https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

620 euskal gaztek izena eman dute Amerika, Asia eta Afrikaren garapenean laguntzeko

Hautatzen diren pertsonek zuzenean parte hartuko dute garapenerako lankidetza ekintzetan./Eusko Jaurlaritza
Hautatzen diren pertsonek zuzenean parte hartuko dute garapenerako lankidetza ekintzetan. / Eusko Jaurlaritza

Gazteak Lankidetzan udako progamak hiru hilabete iraungo ditu, eta hautaketa prozesuaren ostean, ehun pertsonak gozatuko dute esperientziaz

Jan Echevarría
JAN ECHEVARRÍA

Gazteak Lankidetzan udako progamak interes handia piztu du Euskadiko gazteen artean. Antolatzaileek atzo jakinarazi zutenaren arabera, 620 pertsona aurkeztu dira ehun plazarako egiten ari den hautaketara (%82 emakumeak), eta argi utzi dute horrela interes handia daukatela udako hiru hilabeteak Asian, Afrikan eta Amerikan laguntza eginkizunetan parte hartzen igarotzeko.

Programa honen bidez, gazteak hegoaldeko herrialdeetan lankidetzako ekintzetan sentsibilizatu nahi dira, bai eta haien artean herri eta kulturen arteko elkartasuna sustatu ere. Horretarako, hautatzen diren pertsonek zuzenean parte hartuko dute aipatutako hiru kontinenteetako herrialdeetan egingo diren garapenerako lankidetza ekintzetan; bertatik bertara ezagutuko dute ekintza horien garapena.

Hiru hileko esperientzia hau uztailetik urrira bitartekoa izango da batez ere. Aurretiko hautaketa otsailaren 28an egingo da -220 gazte gehi erreserbarako beste 50, ikasketa edo lekualdatzeengatik bajak badaude ere-. Gero, aste batzuk beranduago, martxoaren 15eko asteburuan, Barriako aterpetxean (Araba) hautatuko dira parte hartuko duten 100 pertsonak, gobernuz kanpoko erakundeetako arduradunek gazteekin elkarrizketak egin ondoren.

Gehienak, emakumeak

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, egitasmora aurkeztu diren 1989 eta 1997 artean jaiotako 620 euskal gazte horien artean 503 emakumeak dira (%82,74), 115 gizonak eta 2 identitate ez binariokoak; 97 Arabakoak dira, 324 Bizkaikoak eta 199 Gipuzkoakoak. Beste urte batzuetan bezala, gehienak gazte unibertsitarioak dira, bereziki irakaskuntza, osasun eta zientzien arloetakoak.

Ander Añibarro Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariaren hitzetan, «profil guztiak dira baliozkoak programan parte hartzeko, unibertsitarioak izan ala ez; izan ere, gure asmoa da garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek eskatzen dizkiguten profilak betetzeko pertsona egokienak eta jarduteko eremu ugari dituzten pertsonak hautatzea».

Temas

Euskera