https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal Elkargoko Turismo Bulegoak Eusko Pass izeneko egonaldi bonua aurkeztu du

Euskal Elkargoko Turismo Bulegoak Eusko Pass izeneko egonaldi bonua aurkeztu du

Sarrera berri honek zenbait abantaila eskainiko dizkie Iparraldeko bisitariei

UNAI SARRIUGARTE

Euskal Elkargoko Turismo Bulegoak Eusko Pass izeneko egonaldi bonua aurkeztu du. Sarrera berri honek zenbait abantaila eskainiko dizkie Iparraldeko bisitariei. Berritasun hau 2018ko urrian Elkargoak eta Ipar Euskal Herriko hainbat turismo bulegok sortutako proiektu bateratuaren erabakietako bat da. Proiektu berri honetara kostaldeko herriez gaindi, barrualdeko zenbait udalerri batu dira: Maule (Zuberoa), Atharratze (Zuberoa), Baigorri (Nafarroa Beherea) eta Hazparne (Lapurdi) besteak beste.

Aipatu dugunez Eusko Pass sarrerak zenbait abantaila eskainiko dizkie Iparraldeko bisitariei. Asteburuko modalitatea erosten dutenek, bi egunez nahi dituzten toki guztiak bisitatzeko parada izango dute. Sarrera honen prezioa 17 eurokoa izango da helduen kasuan eta 6 urtetik 13 urtera bitarteko nerabeek, berriz, 12 euro ordaindu beharko dituzte. Bestalde, «Egonaldi formula» izenekoak 27 euroko prezioa izango du helduentzat eta 18 eurokoa gazteentzat. Azken honek 14 egunetarako balioa izango du, eta, tarte horretan hiru egunez, jarraian ala ez, erabiltzeko aukera aurkeztuko du.

Euskal Elkargoko Turismo Bulegoek Ipar Euskal Herria kostaldea baino gehiago dela erakustea dute erronkatzat. Barnealdean dauden tokiak bisitariei zabaltzea eta Ipar Euskal Herria Ezpeletatik harago joaten dela aditzera ematea. Hau erakusteko helburuarekin webgune bat sortu dute. Bertan Ipar Euskal Herriko hainbat herri bisita daitezke argazkien eta 360 graduko bistaren bitartez.

Halaber, Elkargoak Euskal Monetarekin akordio bat onetsi du. Hitzarmen honek euskal lurraldetik pasatzen direnek ere tokiko ekonomian esku hartzea ahalbidetuko du. Bi eskaintza mota aurkeztuko ditu egitasmo honek: batetik, 20 euroren trukean, 18 eusko jasoko ditu erabiltzaileak, bi euro behar baitira kide izateko; bestetik, 48 euskoz osaturiko gutuna jasoko du erabiltzaileak, 50 euroren truke. Eusko horiek ikusgai egongo dira hiru probintzietako turismo bulegoetan.

Turismoa Ipar Euskal Herriko lanpostuen %10 da egun. Sektore hau egonkortzea da hurrengo urteetarako erronka nagusia. Horretarako, etorkizunari begira Ipar Euskal Herriko garraioak egituratzea eta hobetzea ezinbestekoa izango da. Daniel Olzomendi Elkargoko Turismo kontseilariak helarazi duenez: «turismo iraunkorraren aldeko apustua egin dute, eta xedea turismoa urte osoan eta geografikoki banatzea da».