https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal Diasporaren nondik-norakoak

Emakume bat, ikurriñarekin, New Yorken./Jon Bernardez
Emakume bat, ikurriñarekin, New Yorken. / Jon Bernardez

XIX. eta XX. mendeetan euskaldun askok Ameriketara emigratu zuen

UNAI SARRIUGARTE

Nire familiak, euskaldun askok egin zuten bezalaxe Ameriketara alde egin zuen XIX. eta XX mendeetan. Etorkizun hobeago baten bila, hemengo gatazkak zirela bide edota aldaketa bat nahi izan zutelako euren bizitzetan. Izan ere, Euskal Herriak mende horietan bizitako aldaketa sozial, kultural eta ekonomikoak zirela medio, baserritar askok Ameriketara egin zuen alde.

Euskal emigrazioaren uholde handiena Lehen Gerra Karlista gertatu zenean hasi zen, 1830 inguruan hasi eta 1930 inguruan amaitu egin zen. Emigrazio hau depresio handiarekin eta Gerra Zibilarekin amaitu egiten zen gehienbat.

Abizen euskaldunak egun Ameriketan asko dira. Kontinente honetara alde egiten zuen euskaldunaren profila gizon gazte ezkongabea zen, eta batez ere baserritarra. Artzai, baserritar eta abeltzaintza lanpostuak, eta baita portu eta trenetako zama lanak egiten zituzten. Argentinako, artzai askok abizen euskalduna daukate.

Batez ere, Baiona eta Pasaiako portuetatik abiatzen ziren Ameriketara. Jende askok soldadu ez izateko egiten zuen alde. Beste zenbait bere familia edota senitartekoak han finkatuta zeudenean joan ohi ziren. Beste askotan hango senitartekoak Euskal Herrira etortzen ziren familiar baten bat hara erreklutatzeko asmoz.

Dirua aurreratu

Argentinan eta Uruguain euskaldun asko dago: Buenos Aires, Montevideo edota Río de la Plata inguruetan. Bertan «gantxoak» deiturikoak egoten ziren: herriko medikuak edota apaizak. Letretan adituak izaten ziren paperaz arduratzen zirenak. Itsasontziak noiz atera eta heltzen ziren eta pasaiak zenbat balio zuen zekizkitenak. Azkenengo urteetan, enpresa ezberdinak kudeatzen zituzten euskal emigranteen sartu-irtenak.

Horrelako askotan ziria sartzen omen zieten euskaldunei. Rio de Janeirora joango zirelakoan eta bat batean Buenos Airesen agertu. Gantxeroen interesen arabera egiten omen ziren trikimailu horiek. Izan ere, jende askok ez zuen bidaia ordaintzeko dirurik, eta Ameriketatik enpresek dirua aurreratzen zieten.

Egun diasporan Euskal Herrian baino euskaldun gehiago dagoela esaten da. Argentinako poblazioaren %10a euskalduna dela esan ohi da. Argentinan 76 Euskal Etxe daude, munduan, berriz, 162.

Kolonbiako Antioquiako eskualdearen %40ak jatorri euskalduna du. Bestalde, Txilek hemengo jatorriko jende asko dauka. Txileko poblazioaren %25ak jatorri euskalduna duela esan ohi da. Baita ere Mexiko, Kuba edota Venezuelara emigratutako euskaldunak ditugu, asko izan zirenak.

Estatu Batuetan ere milaka euskaldun bizi dira. Idahoko hiriburuan, Boisen, 20.000 inguru, hiriaren %10a. AEBtan 36 Euskal Etxe daude. Bestalde, euskaldunen presentzia handia da New Yorken, Nevadan, Kalifornian etab...

Sarriugarte

Sarriugarte abizena zuten asko baita ere Ameriketara egin zuten alde. Nire abizenaren presentzia handia da New Yorken, Seatelen etab. Sarriugartetarren emigrazioaren inguruan pasarte asko dakizkit eta hori dela bide, baten bat kontatzen saiatuko naiz.

Oso gogoan dut nire izeko batek duela hamar bat urte oparitutako gutuna. Mary Sarriugarte deituriko New Yorkeko andre batek, Victor Sarriugarte margolari basauriarrari idatzitakoa. Geure abizena eta jatorria nondik datorren zituen hizpide gutun horrek. Era berean, Osaba Benignoren istorioa baten baino gehiagotan kontatu didate. Hark Uruguaira egin zuen alde, zoritxarrez bere arrastoa Uruguaira heldu eta berehala galdu zuten.

Duela lau bat urte, Boiseko Jaialdira bidaiatzeko aukera izan nuen. Bertan, hainbat Sarriugarterekin egin nuen topo. Beti esan ohi didate Sarriugarte denak senideak garela, izan ere, gutxi batzuk gara eta denok jatorri bera dugu, Durangoko Sarria auzunea. Bertatik datoz Sarrionandia, Sarriguren, Sarriugarte edota Sarriz hasitako abizen gehienak.

Bestalde, pasa den urtean, New Yorken Emily Sarriugarte anderea bisitatzeko aukera izan nuen. Emily Sarriugarte euskal diasporan oso pertsona ospetsua izana da. New Yorkeko Euskal Etxean kargu garrantzitsu asko izan dituena eta euskararen alde Estatu Batuetan asko borrokatu duen andrea.