https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal 'booktuber plataforma' eraikitzen

Ainhoa Etxeberria aktore eta irrati eta telebista aurkezleak ikus-entzunezkoak egiteko urratsak azalduko dizkie 14 eta 18 urte bitarteko gazteei/Booktuberboom booktube kanala
Ainhoa Etxeberria aktore eta irrati eta telebista aurkezleak ikus-entzunezkoak egiteko urratsak azalduko dizkie 14 eta 18 urte bitarteko gazteei / Booktuberboom booktube kanala

Ikasturteko lehenengo 'booktuber' kedada Gernikan egingo dute gaur Ainhoa Etxeberria aktore eta irrati eta telebista aurkezleak lagunduta. Aurtengo lehiaketan parte hartzeko, azaroaren 22ra arte aurkez daitezke lanak

AMALIA IBARGUTXI

Euskal booktuberren lehiaketa bueltan da. Ez dakienarentzat zer diren 'booktuber' horiek: Youtuber plataformako erabiltzaileak dira, liburu bati buruzko kritika edo iruzkinen inguruko bideoak zintzilikatzen dituztenak. Bideogintza mota hori gertutik ezagutu nahi duenak, Gernikan izango du horretarako aukera. Izan ere, gaur bertan Elai Alai aretoan, 11:30etik aurrera, Ainhoa Etxeberria aktore eta irrati eta telebista aurkezleak ikus-entzunezkoak egiteko urratsak azalduko dizkie 14 eta 18 urte bitarteko gazteei.

Booktuberboom Lehiaketaren II. ekitaldia eta ikasturteko lehenengo booktuber kedada izango da. Azarora bitartean bederatzi kedada egingo dituzte guztira. Kedada horietako batzuetan gazteek pertsonaia ezagunak izango dituzte bidelagun eta haiek bideo literarioak egiten ikusiko dituzte. Honezkero zehaztuta daudenak honakoak dira: irailaren 26an, Oñatiko liburutegian, eta 27an, ostegunez, Aguraingo liburutegian, 11:30etan.

Gazteengan irakurzaletasuna sustatzeko, Booktuberboom egitasmoak booktuber lehiaketa eta booktuber kedadak hartzen ditu. Kedadak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gaztelekuetan zein liburutegietan egiten dira. Bide batez, euskal «booktuber plataforma bat sortzea» dute helburu ekimeneko antolatzaileek. «Dagoeneko, egitasmoarekin, euskal booktuber komunitatearen lehen hazia» landatzen ari dira.

Aurreko urteko Booktuberboom Lehiaketa Jon Martinezek irabazi zuen eta gazte eibartarrak ETB1eko 'Gure Kasa' saioan jaso zuen saria. Antton Kazabonen 'Erotik' liburua aukeratu zuen ikus-entzunezko gomendioa egiteko.

Aurtengo lehiaketan parte hartzeko, azaroaren 22ra arte aurkez daitezke lanak. Parte hartzeko oinarriak 'Booktuberboom' blogean eta udal liburutegietan izango dira eskuragarri.

Bigarren edizio honetan, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri elkarteak elkarlanean martxan jarri zuten egitasmoak bidelagun berria topatu du, Gaztea irratia. Urrirako topaketa gehiago prestatuko dituzte.

Temas

Euskera