https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskadiko jaiotza-tasa Europako txikienetakoa da

Euskadiko jaiotza-tasa Europako txikienetakoa da

Italiaren ondoren Europako zifrarik baxuena aurkezten du euskal lurraldeak

UNAI SARRIUGARTE

Euskal Autonomia Erkidegoko jaiotza-tasa Europako txikienetakoa da. Eustatek dioenez 2012. urtetik 2017. urtera bitartean beherakada izugarria sumatu zuen Euskadin. Urte hauen buruan 1.6 puntu jaitsi zen umeen jaiotza. Tarte honetan 1.000 biztanleko 7,8 jaiotza izan ziren euskal lurraldean.

Eustatek iragarri duenez Italiakoaren (7,6) ondoren Europar Batasuneko jaiotza-tasarik baxuena aurkezten du Euskadik. Euskal Estatistikaren Erakundeak ondorio hauek atera ahal izateko EAEko jaiotza-tasaren garapena ikertu, eta EBko batezbestekoarekin alderatu du. Europar Batasunaren tasa 1.000 biztanleko 9,9koa da.

2007. urtean jaiotza-tasa euskal lurraldean 1.000 biztanleko 9,6 puntukoa zen, Europar Batasunaren pareko zifra. 2007an eta 2012an EBko jaiotzen batezbestekoak 10,7 eta 10,4 puntukoak ziren, hurrenez hurren. EAEkoa baino handiagoa, baina ez diferentzia handikoa.

Halaber, Espainia mailan ere murrizketa nabarmena izan da. 2007. urtean 10,9 zen jaoitza-tasa bertan. 2012. urtean, berriz, zifrak 1,2 puntu egin zuen behera, 9,7ra arte iritsiz. 2017. urtean berriro ere 8,4 puntutara jaitsi zen.

Euskadi eta Italia ez dira jaiotza-tasa txikia aurkezten duten lurralde bakarrak. Izan ere, Europako beste zenbait herrialdetan zifra hau ere murritz xamarra da: Grezian (8,2), Portugalen (8,4) eta Kroazian (8,9) besteak beste. Bestalde, Europako altuenen artean Irlanda (12,9), Suedia (11,5), Erresuma Batua (11,4) eta Txekiar Errepublika (10,8) aurkitu ditzakegu.