https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal artisten lanak, ARCOn

Bilboko Carreras Mugica arte galeriaren webgunearen azala./
Bilboko Carreras Mugica arte galeriaren webgunearen azala.

Bilboko Carreras Mugica arte galeria Madrilgo Arte Garaikidearen nazioarteko azokan izango da beste behin, eta euskal sortzaile gehiagok ere euren lanak ikusgai izango dituzte martxoaren 3ra bitarte

AMALIA IBARGUTXI

ARCO Madrilgo Arte Garaikidearen nazioarteko azokari ekin diote, eta martxoaren 3ra bitarte iraungo du. Bertan, Euskal Herriko arte galeria bakarra izango da aurten, Bilboko Carreras Mugica, hain zuzen. Horrez gain, hala ere, zenbait euskal artistak ere euren lanak eramango dituzte azokara.

ARCOra joango den euskal galeria bakarra izango da, bigarrenez, Carreras Mugica. Arte garaikidea jorratzen duen galeria honek, nazioarteko artisten obrak zabaltzen ditu Estatuan zehar, eta euskal artista berriei ere sustapena egiten die. Aurten, adibidez, ikusgai izango dituzte Bilboko June Crespo, Erlea Maneros Zabala, Jon Mikel Euba eta Txomin Badiolaren lanak; Itziar Okariz eta Juan Perez Agirregoikoa donostiarrenak; Olaztiko Ángel Badosenak; Asier Mendizabal ordiziarrarenak; Pello Irazu andoaindarrarenak; Hondarribiako Sergio Pregorenak eta Barakaldoko Raul Dominguezenak.

Halaber, Angela de la Cruz coruñarrarenak, San Franciscon jaiotako Richard Serrarenak eta Armando Andrade Tudela artista perutarrarenak ere ikusi ahalko dira, baita Eduardo Chillidaren obraren bat ere.

Azokan, gainera, beste hainbat galerien eskutik, euskal sortzaile gehiagok ere euren lanak ikusgai izango dituzte: Kepa Garraza, Mari Puri Herrero edota Alain Urrutia bilbotarrek; Esther Ferrer, Maider Lopez eta Cristina Iglesias donostiarrek; edota Manu Muniategiandikoetxea bergararrak, besteak beste.

Espainiako hiriburuko IFEMA azoka-barrutian urtero antolatzen den ARCO azokaren aurtengo edizioan, 30 herrialdetako 203 galeriak hartuko dute parte. Horietatik batzuek, komisario batek gidatutako hiru gunetan banatuta egongo dira. Bata 'Diálogos' da, eta haren helburua, bertara deitutako galeria bakoitzak, bere katalogoko bi artista ezberdinen lanetan oinarritutako belaunaldi-arteko elkarrizketa sustatzea izango da. Bigarren guneak 'Opening' du izena, eta artista berrienei (gehienez merkatuan zazpi urte daramatzatenei) espazio bereizi bat emateko helburuarekin dago sortua.

Hirugarrena, azkenik, 'Perú en ARCO' deituko da; izan ere, hau izango da aurtengo ohorezko herrialde gonbidatua. Gonbidapen honen bidez, azokak Latinoamerikarekin duen harremana sendotu nahi izan du, bertako arte garaikidea Espainian gehiago zabaltzeko asmoz.

Temas

Euskera