https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal arrantzak bizirik dirau

Euskal arrantzak bizirik dirau
EFE

Europar Batasunak ezarritako mugak arrantza lanpostu asko desagerrarazi ditu. Dena dela, euskal arrantza sektoreak sendo dirau

UNAI SARRIUGARTE

Gaur egungo euskal arrantza sektoreak bizirik dirau. Euskal Herriak arrantza sektorearen globalizazioaren aurrean jasandako problematikak ahuldu egin du euskal arrantza sektorea, dena dela euskal arrantzak erreferente izaten jarraitzen du.

Arrantzak garrantzi handia izan du Euskal Herriaren historian, oinarrizko baliabide iturri izan baita itsasertzeko herri gehienentzat. Baina, gaur egun Euskal Herriko ekonomian arrantzak duen indarra ahuldu egin da garai batean izan zuen indarrarekin alderatuta.

Euskal Herriko lehen arrantza erdi aroan eman zen. Halaxe diote euskal arrantzari buruzko lehenengo agiriek. Agiri hauek bale arrantzaren komertzializazioa aipatzen dute. Beti pentsatu izan da, euskaldunei bikingoek erakutsi zietela bale arrantzan. Izan ere, bikingoak Lapurdiko lurretan egon ziren.

Tesi honek dioenez lapurtarrek bikingoen arpoiak eta haien ontzietako elementurik garrantzitsuenak egiteko modua aintzat hartu zuten eta, gerora, bizkaitar eta gipuzkoarrei irakatsi. Bestalde, euskaldunek erabiltzen zituzten txalupek (pinaza deituak), ipar herrietako ontzien ereduari jarraitzen ziotela esan ohi da.

Baleatik dena erabiltzen zuten euskal arrantzaleek. Koipea urtu ondoren geratzen zen olioa argia egiteko erabiltzen zen. Behe Erdi Arotik aurrera, Euskal Herriko arrantzaleek ateratzen zuten lumeraren komertzializazioa Euskal Herriko mugetatik at saltzen zen. Flandria edota Ingalaterrako merkatuetan. Euskal Herriko baleazaleek Kanadako itsasbazterretan eman zituzten lehen urratsak, bakailaoa eta balea arrantzatuaz Terranovan eta Ternuako uhartean.

Euskal Herriko arrantzaren sektoreak aldaketa handiak ezagutu zituen XVIII. mendean. Lapurtarrek bere jarduna sardinaren arrantzara bideratu zuten. Gipuzkoan berriz, XVIII. eta XIX. mendeetan arrantzak beherakada handia izan zuen. XX. mendean, ordea, egoerak hobera egin zuen.

Bizkaian gertatutakoa ezberdina izan zen. Bizkaitarrek XVIII. mendean balea eta bakailaoaren arrantzatik itsasertzeko arrantzara eman zuten saltoa. Baina, egia da XIX. mendearen lehenengo erdialdean une txarrak bizi izan zituztela bizkaitarrek.

Hegoaldeko kontserba industria asko indartu zen XIX. mendeko bigarren erdian, kontserba-egile italiarrak etorri zirenean. Kontserba industriaren garapenari esker, arrantzaleen egoerak hobera egin zuen, haien emazte eta seme-alabentzat ere lana ekarri baitzuen.

Lurrunezko ontziak

XX mendean lurrunezko ontziak erabiltzen hasi ziren euskal arrantzan. Ontzi hauek arrain gehiago harrapatzeko aukera aurkezte zuten. Sardinaren desagerpenak, antxoaren arrantza ekarri zuen. Eta halaxe gertatu zen XX. mendearen erdialdera arte.

60. hamarkadan euskal arrantzaleek mailegu itzelak erabiltzen hasi ziren baliabide handiagoko ontziak eraikitzeko helburuarekin. Hondamendia, berriz, 70. hamarkadan iritsi zen. Munduko estatu gehienek beraien ur territorialetako lehenengo 200 miliak euren herrialdeetako itsasontzientzako eta ez beste inorentzako zirela erabaki zutenean.

Horrek oso arazo larriak ekarri zizkien beste herrialdeetan arrantzan ibiltzen ziren euskal arrantzaleei. 80ko hamarkadan euskal arrantzaleak itxaropentsu zeuden, Espainiako estatua Europar Batasunean sartzearekin batera arrantzan jarduteko esparru handiak utziko zizkietela uste baitzuten.

Gaur egungo errealitatea

Azken urteotako errealitatea, ordea, bestelakoa da. Europako agintariak ez daude harrapaketa handiak baimentzeko prest, eta, euskal arrantzaleek gero eta gutxiago arrantzatzeko aukera dute. Izan ere, 2004. urteaz geroztik 173 itsasontzi desagertu eta 1.101 lanpostu galdu dira euskal kostaldean.

Gaur egun, 369 ontzik dihardute arrantzan euskal kostaldean. Hauetatik 273 baxurako arrantzakoak dira (%74), 70 alturakoak (%19) eta 26 altura handikoak (%7). Euskal arrantzan guztira, 3.050 pertsonek egiten dute lan.

Altura handiko arrantzak ez du aldaketarik izan itsasontzi kopuruetan, guztira 26 dira (horietatik 23 Bermeon matrikulatuta), eta 600 pertsonari lana ematen die euskal kostetatik milaka kilometrotara.