Tokiko erakundeei indarkeria matxistaren biktimei erreparazioa emateko eskubidea gauzatzen laguntzeko gida bat egin dute
Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak prestatu dute gida hori
Zurekin
Osteguna, 4 otsaila 2021, 11:37
Indarkeria matxistaren kontra borrokatzea da helburua, eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak gida bat prestatu dute elkarlanean, tokiko erakundeei indarkeria horren biktima diren emakumeen erreparazio eskubidea zehazten eta gauzatzen laguntzeko udal eskumeneko esparruaren baitan eta justizia ezartzeko prozesuarekin batera.
Gorka Urtaran Eudeleko elkarteburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak aurkeztu zuten asteazken honetan Espainiako Estatuan aitzindaria den tresna tekniko berria. Azaldu zutenez, gidaren asmoa da lehen urrats gisa baliagarria izatea udalak, mankomunitateak eta kuadrilak beren ekintzak berrikusten hasteko, «hain gai sentikor eta konplexuan». «Izan ere, ikuspegi berri honek hausnarketa berria eskatzen du, bai eta prestakuntza espezifikoa eta praktiken berrikuspena ere», gaineratu dute.
Istanbulgo Hitzarmenaren nazioarteko esparruan, erreparazio printzipioak esan nahi du indarkeria matxistaren biktimen eskubideak jarri behar direla erreparaziorako arreta eta tokiko jarduketen prozesu osoaren erdigunean, dauden beharrak eta eskaerak entzunez eta haiei erantzunez.
Bada, Eudelen eta Emakunderen ekimenak «ikuspegi berritzaile bat» eskaintzen du, udal plangintza «laguntzatik edo arretatik harago bideratzea», bizirik iraun duten emakume biktimei eragindako kalteak ikusarazteko eta konpontzeko, bai eta ingurune komunitarioan haien leheneratzea errazteko ere, «herritartasun bete aktiboaren izaera berrezarriz». Halaber, balioa eman nahi zaie udalerrietan indarkeria matxista errepika ez dadin baldintzak eratzeko tokiko prebentzio programei.
Bi erakundeak bat datoz «inplikatutako instantzia guztien arteko koordinazioak duen garrantzia neurtzean, indarkeria matxistaren biktimen errekuperazio integrala eta urratutako eskubideak itzultzea bermatuko duten arreta eta erreparaziorako baliabideak gauza daitezen».
Gida hiru hizkuntzatan egin da (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez), eta 1.000 ale banatu dira euskal udal guztietan. Bi bertsio editatu dira, bata izaera teknikoagoa duen bertsio hedatua, eta bestea aplikazio praktikoko funtsezko alderdien laburpen modukoa. Biak deskarga daitezke Eudelen eta Emakunderen webguneetan.