https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak musika eta zinema uztartuko dituen kontzertu berezia eskainiko du Donostian

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, kontzertu batean./
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, kontzertu batean.

Irailaren 21ean ospatuko da Belodromoan, doakoa izango da eta 3.000 pertsonentzako edukiera izango du

UNAI SARRIUGARTE

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak musika eta zinema uztartuko dituen kontzertu berezia eskainiko du irailaren 21ean Donostiako Belodromoan. Bertan hainbat luzemetraia ezberdinetako soinu bandak joko dituzte, proiektore ikaragarri batean filme hauen sekuentziak eskaintzen dituzten bitartean.

«Kontzertua eta Proiekzioa» izena duen ekitaldian publikoak ikusmena eta entzumena jarri beharko ditu martxan. Juan Jose Ocon zuzendariaren gidaritzapean Euskadiko Orkestra Sinfonikoak historiako zazpigarren arteko hainbat film ospetsuren soinu bandak emango ditu aditzera. Luzemetraia hauen sekuentzien proiektzioa 400 metro karratuko pantaila erraldoi batean egongo da ikusgai.

Emanaldi berezi hau orkestra honen, SGAE fundazioaren eta Donostiako Zinemaldiaren elkarlanaren ondorioz sortutako egitasmoa da. Hauxe doakoa izango da eta 3.000 pertsonentzako edukiera izango du. Orkestrak zenbait abestitan Landarbaso abesbatzaren laguntza jasoko du.

Carlos Rodriguezek espresuki emanaldi honetarako egin du film hauen eszenen muntaketa. Hori dela bide, orkrestrak interpretatuko dituen abestiekin batera sekuentzia ezberdinak agertzen joango dira proiektorean.

Gainera, proiektatu eta joko dituzten filmetako soinu bandak iragarri dituzte: Manuel Paradaren «Nodo eta Los últimos de Filipinas»; Pascal Gaigneren «Handia» eta «Errementari»; Joseba Beristainen «Elkano», Nani Garciaren «Arrugas» eta Vanessa Garderen «La gran aventura de los Lunnis y el libro mágico», besteak beste. Era berean, musikagile hauetako batzuk Belodromoko emanaldi honetan izango direla iragarri dute.

Sarrerak irailaren 14tik 20ra bitartean eskuratu ahal izango dira Donostiako Zinemaldiaren Kursaaleko bulegoan, Okendo plazako informazio puntuetan, Donostiako Turismo bulegoan edota Belodromoan bertan.