https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskadiko Gazte Orkestrak (EGO) Txaikovskiren bosgarren sinfonia joko du Euskadin

Euskadiko Gazte Orkestrak (EGO) Txaikovskiren bosgarren sinfonia joko du Euskadin

Guztira lau kontzertu eskainiko dituzte: Hondarribian, Bilboko Campos Eliseos antzokian, Gasteizko Principal antzokian eta Donostiako Viktoria Eugenian

UNAI SARRIUGARTE 

Euskadiko Gazte Orkestrak (EGO) Txaikovskiren bosgarren sinfonia joko du Euskadin. Izan ere, orkestrak udako ohiko musika emanaldi jardunaldia hasiko du. Guztira 80 musikari batuko dira udako kontzertu hauetan. Urterolez lau kontzertu eskainiko dituzte uztailean: Lehendabizikoa, Hondarribian izango da uztailaren 19an, eta, Bilboko Campos Eliseos antzokian, Gasteizko Principal antzokian eta Donostiako Viktoria Eugenian joko du ondoren orkestrak.

Hori dela medio, egunotan EGOko musikariak kontzertu hauek prestatzen daude Eibarko hezkuntza esparruan. Aurtengoan bi obra berezi interpretatuko dituzte: batetik, Txaikovskiren bosgarren sinfonia joko dute, eta, bestetik, Saint Saensen Dantza makabroa.

Kontzertu hauen xehetasunen aurkezpen ekitaldia pasa den asteartean, uztailak 10, egin zuten Gasteizen. Bertan Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak eta Juan Jose Ocon orkestrako zuzendariak aurtengo programaren nondik-norakoak azaldu zituzten. Oconek helarazi zuenez: «aurtengo programa ezin ederragoa eta zailagoa da beste urte batzuekin alderatuz gero».

Aurten berriro ere musikari gazteen eta mundu profesionalaren arteko zubigintza lana uztartu egin nahi izan du EGOk. Etorkizuneko musikariei parada eman nahi die gazte orkestrak arlo sinfonikoan trebatu eta prestatzeko. Izan ere, egun zail xamarra da musikari profesional izatea eta honetaz bizi ahal izatea.

Egun musikari asko dago eta plaza gutxi goi mailako hezkuntza zentroetan sartzeko, horrek lehia ikaragarria sortu egiten du. Oconek lehia hau futbolaren munduarekin alderatu zuen. Bere esanetan: «Milaka hautagai daude plaza gutxi batzuetarako». Musikari hauek gogor egin behar izaten dute lan musikari profesional izatera heltzeko, eta, talentua izugarria izan behar dute arrakasta hori irabazteko.

Lehiakortasun hori sortu eta talentua antzeman eta sortzeko ezinbestekoa da halako orkestrak sortu behar izatea, EGOren kasua esaterako. Horrelako orkestrak sortu eta gazteei esperientzia hauek bizitzeko aukera ahalbidetzea lan mundura sartzea errazteko funtsezkoa da.

Egonaldi honetan goi mailako irakasleak izango dituzte, musikari hauen trebakuntzan laguntzeko helburuarekin. Garai batean EGOn ibilitakoak dira horietako asko, eta egun musikaren munduan goi mailan dihardutenak. Irakasle izango dituzte, besteak beste, Musikeneko irakasleak, Mahler Ganbera Orkestrako kideak edota Bilboko, Euskadiko eta Galiziako Orkestra Sinfonikoetako musikariak.

Duela 22 urte jaio zen Euskal Herriko Gazte Orkestra, eta harrezkero mila gazte baino gehiago pasa dira bertatik. Horrez gaindi, EGOk 150 musika emanaldi baino gehiago eskaini ditu nazioarte mailako 6 herrialdetan. Gainera, 120.000 pertsonak baino gehiagok gozatu izan dute kontzertu hauetaz.