Euskadiko Filmategiak 12.000 bisitarien langa hautsi du
Orotara, 12.289 pertsona bertaratu ziren elkarteak antolatutako 95 ekitaldi ezberdinetara
UNAI SARRIUGARTE
Osteguna, 30 urtarrila 2020, 22:13
Euskadiko Filmategiak 12.000 bisitarien langa hautsi du. Orotara, 12.289 pertsona bertaratu ziren elkarteak antolatutako 95 ekitaldi ezberdinetara. Hauexek bi esparru ezberdinetan eskaini ziren, Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan. Batez beste ekitaldi bakoitzean 130 lagun inguru barnebildu ziren. 2018. urtearekin alderatuz gero, bikoiztu egin zituzten bisitariak pasa den urtean, 6.201 bisitari izan batzituen aurreko urtean.
DIPC, Donostia International Physics Centerrekin elkarlanean antolatutako Zinema eta Zientzia zikloak lortu zituen pasa den urteko ikuskizunen emaitzarik onenak. Izan ere, 4.312 ikusle igaro ziren Tabakalerako eta Bilboko Arte Ederren Museoko aretoetatik. Zinematografia eta kultura zientifikoa uztartzen dituen zikloa da hauxe.
Bestalde, Buster Keatoni buruzko atzera begirakoak 3.000 ikusletik gora barnebildu zituen. Bertan Cineteca di Bolognako zaharberritutako kopiak ikusi eta zuzeneko musika entzuteko aukera izan zuten bisitariek. Musika emanaldia Joserra Senperena eta Josetxo Fernández de Ortega pianistek eskaini zuten.
Halaber, Jazzinemaren 4. ediziora 1.778 ikusle hurreratu ziren Bilbora. Ziklo honek zinema eta jazza nahasten ditu. Egitasmo hauxe Euskadiko Filmategiak Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren laguntzarekin antolatu zuen. Era berean, Yannick Bellon zinemagileari urria eta abendua bitartean eskainitako omenaldiak 2.000 ikusle baino gehiago izan zituen.
Aurten ere Euskadiko Filmategiak egitarau oparoa aurkeztuko du. Gainera, aurten hirugarren agertoki bat izateko asmoa dute. Hori dela bide, Gasteizeko Artium museora iritsiko da 2020ko programazioa.