https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskadiko etxebizitzen salerosketen erdia Bizkaian egin dira

Lehen hiruhilekoko datu horien arabera gainera, Araban gehitu dira gehien etxebizitzen salmentak eta Gipuzkoan da jaitsi diren lurralde bakarra

EUROPA PRESS

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2018. urteko lehen hiruhilekoan egin diren etxebizitzen 5.035 salerosketen erdiak Bizkaian egin dira. Etxebizitzen salmentak Araban gehitu dira gehien, eta jaitsi diren lurralde bakarra Gipuzkoa izan da, %21eko murrizketarekin.

Europa Press berri agentziak jasotako datuak BBVAk egin duen EAEko higiezinen merkatuaren azterketakoak dira. Ildo horretan, finantza erakundeak 'BBVA Valora View' aplikazioa plazaratu du, sakelako telefonoarekin etxebizitza bilatzen laguntzeko.

Horrela, EAEn 5.035 etxebizitza salerosi dira urtarriletik martxora, iazko aldi berean baino %4,1 gutxiago. Herrialdeka, Araban %19,1 gehitu dira salerosketak, eta Bizkaian %0,8. Halere, Bizkaiak merkatuan duen garrantzia «nabarmena» da, EAE osoko salerosketen %53,4 bertan egin baitira. Aitzitik, Gipuzkoan egin diren salerosketak %21 gutxitu dira.

BBVAren azterketaren arabera, prezioak «ez dira leheneratu». Hain zuzen, Araban izandako eskaeraren igoerak ez du prezioen gorakadarik ekarri, urteko lehen hiruhilekoan %1,5 jaitsi baitira, iazko epe beraren aldean. Gipuzkoan %1,7 jaitsi dira prezioak, baina, hala ere, 2008an izandako maximoetara gehien hurbildu den lurraldea da. Bizkaian %1,3 jaitsi dira prezioak.

Hala ere, finantza erakundeak adierazi du 2017ko balantzea «positiboa» izan zela EAEn prezioari dagokionez, krisiaren osteko metro koadroaren prezioaren %0,7ko igoera izan baitzen. Aitzitik, 2018. urtea %1,5eko batez besteko jaitsierarekin hasi da.

Bizkaitarrak eta gipuzkoarrak, Araban etxebizitza gehien erosi zituztenak

Bestalde, 2017. urtean, etxebizitzen salerosketa %11,6 gehitu zen EAE osoan. Araban gehitu ziren gehien salerosketak, %23,9, baina, hala ere, Bizkaiak izan zuen berriro garrantzi gehien merkatuan, salerosketa guztien %52,4 bertan egin baitziren.

Atzerritarrek egindako salerosketak izan ziren gehien igo zirenak (%30,3), baina oraindik «oso eragin mugatua» dute EAEko merkatuan (%3,4). Gainera, etxebizitza nagusiaren erosketak izan zuen berriro garrantzi gehien eskaeraren osaketan. Zehazki, EAEn egindako hamar operaziotik bederatzi EAEn bertan bizi ziren pertsonek egin zituzten.

Halaber, beste lurralderen bateko egoiliarrek erositako etxebizitzen salmentak %16,2 igo ziren 2017an. Bigarren etxebizitzak ere deitzen zaizkie horieri. Hain zuzen, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak izan ziren Araban etxebizitza gehien erosi zituztenak, eta bizkaitarrak eta madrildarrak Gipuzkoan gehien erosi zituztenak. Madrildarrek eta, gutxiago bada ere, gipuzkoarrek, Bizkaian erosi zuten gehiago.

Etorkizuneko aurreikuspenei dagokienez, EAEk tokiko merkatuarekiko duen mendekotasuna izango da faktore nagusia. Hori dela eta, euskal ekonomiaren bilakaera «erabakigarria» izango da higiezinen sektorearentzat. Zentzu honetan, BBVA Research-en zenbatespenen arabera, EAE %3,1 haziko da 2018an, eta %2,8 hurrengo urtean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos