https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskadiko emakumeak dira gehien bizi direnak Europar Batasunean

Hazten jarraitzen du Euskadiko biztanleriaren bizi itxaropenak. 86,2 urte bizi dira emakume euskaldunak, beste edozein herrialdetakoak baino gehiago. Gizonezkoak bigarren postuan dira (80,3) suediarren atzetik (80,4)

AMALIA IBARGUTXI

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) emakumeak dira Europar Batasunean (EB) gehien bizi direnak. Eustat eta Eurostat estatistika erakundeek argitaratu dituzten azken datuen arabera, hazten jarraitzen du EAEko biztanleriaren bizi itxaropenak. Duela hamahiru urte, 2005ean, 84,3 urtekoa zen emakumeentzat. Azkenekoz neurtu zutenean EBeko biztanleen bizi itxaropena, 2015ean, 86,2 urtekoa zen EAEko emakumeen bizi itxaropena, orduan ere Europako altuena.

Emakume euskaldunenaren antzera, hazi egin da, baita ere, hemengo gizonezkoen bizi itxaropena. 2005ean 77,2 urtekoa zen eta, 2015eko neurketen arabera, 80,3ra igo zen. Gizon italiarrek bizi itxaropen bera dute, eta suediarrek baino ez dituzte gainditzen (80,4 urte).

Herri bateko populazioaren bizi-itxaropenak asko adierazten du herrialde horren inguruan. Euskal Autonomia Erkidegoko adierazle demografiko honen bilakaera positiboak bertako bizi kalitatea ateratzen du argitara. Herrialdeen giza-garapena neurtzeko balio du. Izan ere, horregatik da, Nazio Batuen arabera, adierazle demografiko garrantzitsuenetakoa populazioaren bizi-itxaropena, eta horregatik dago hainbesteko desberdintasuna Europa eta Afrikako bizi itxaropenaren artean, adibidez. EBean 73 urtekoa da, eta Afrikan 55ekoa. 2015eko datuen arabera, mundu mailako batez besteko bizi itxaropena 71 urtekoa zen orduan.

Duela hiru urteko neurketen arabera, beraz, EBko batez besteko bizi itxaropena gainditzeaz gain, mundu mailakoa ere gainditu zuen euskaldunenak. Gainerako EBeko 28 herrialdeen artean, Espainiakoak ziren gehien bizi zirenak ondoren (85,8 urte), eta jarraitzen zieten Frantziakoek (85,5 urte), Italiakoek (84,9 urte), Luxenburgokoek (84,7 urte), Finlandiakoek (84,4 urte), Portugalgoek (84,3 urte) eta Suediakoek (84,1 urte).

Bizi-itxaropen baxuena, aldiz, Bulgariako emakumeek (78,2 urte) zuten. Gero Errumaniakoek (78,7 urte), Hungariakoek (79,0 urte), Letoniakoek (79,5 urte) eta Lituaniakoek (79,7 urte).

Gizonen kasuan ere, EAEkoek, 80,3 urteko batez bestekoarekin, aise gainditzen zituzten EBko bizilagunenak, batez beste 77,9 urte bizi zirenak 2015ean. Bizi-itxaropenaren sailkapenean suediarrek bakarrik gainditzen zuten, 80,4 urterekin, eta ondoren italiarrak zeuden (80,3 urte) eta espainiarrak (80,1 urte) jarraian. Zerrendaren bukaeran zeuden Lituania (69,2 urte), Letonia (69,7 urte), Bulgaria (71,2 urte) eta Errumania (71,5 urte).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos