https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskadik turismo arduratsuari buruzko kanpaina eta gida aurkeztu ditu

Sonia Pérez, Harkaitz Millan eta Nora Abete, gida berriaren aurkezpenean./Irekia
Sonia Pérez, Harkaitz Millan eta Nora Abete, gida berriaren aurkezpenean. / Irekia

Gidak turistei jakinarazten die Turismoaren Lege bat dagoela, zerbitzu eta produktu turistikoen erabiltzaileen eskubideak ezartzen dituena

EL CORREO

Sonia Perez Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak turismo arduratsuari buruzko kanpaina eta gida aurkeztu ditu astelehen honetan, Gasteizen, Turismoaren Astearen barruan, Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendari Nora Abete eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Harkaitz Millan lagun zituela. Sailburuak adierazi duenaren arabera, garapen jasangarria lortzeko bide bakarra «erantzukizuna» da.

Izan ere, agerraldian Perezek erantzukizuna aldarrikatu du, bere alderdi desberdinetan, garapen jasangarri bat lortzeko: «Erantzukizuna da bere funtsezko oinarrietako bat, instituzio sustatzaileen aldetik ez ezik, elkartzen diren erakundeen eta enpresen erantzukizun korporatiboa ere, dagokien jardueran praktika egokiak gehitu nahi dituztenena, eta bidaiariaren erantzukizuna ere, bidaiatzeko modua eta egiten duen bidean tokiko garapenean laguntzeko modua aukeratzen duenean».

Zentzu horretan, gogorarazi duenez, erantzukizun hori hartzeko «jabetu egin behar dugu egiten ditugun aukerek berekin dakartenaz, eta hori eskueran ditugun aukerak ere ezagututa bakarrik lortzen da». «Instituzioak, enpresak, elkarteak, bidaiariak eta helmugako biztanleak kate bereko mailak gara, turismo jasangarri baten alde elkarrekin batera lan egin dezakegunak. Jardun egokien gida honek eta gehituta duen dekalogoak gure bidaiariei turista arduratsu baten balioak helaraztea dute xede, baita beren lurraldean turismoaz gozatzen duten euskal hiritarrei ere», adierazi du.

Baina nolakoa izango da gida hori? 'Turista Arduratsuaren Gida' lanak aholkuak bildu ditu, Garapen Jasangarrirako Agenda 2030ean ezarritako Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak, Turismoaren Mundu Erakundearen Turismorako Munduko Kode Etikoa eta Turismo Jasangarriaren Munduko Gutuna ST+20 oinarri hartuta.

Gidak turistei jakinarazten die Turismoaren Lege bat dagoela, zerbitzu eta produktu turistikoen erabiltzaileen eskubideak ezartzen dituena, besteak beste, eskaintzen zaizkien produktuen eta zerbitzuen ezaugarriei eta prezioei buruzko aldez aurretiko informazio egiazkoa eta osatua jasotzea, kexak eta erreklamazioak formulatzeko ahalmena, eta erreklamazio orri bat doan lortzekoa.

Halaber, 'Turista Arduratsuaren Dekalogoa' lanean biltzen diren gomendioek nabarmentzen dute «jasangarria izango den bidaia batean Euskadira egindako bisitan euskal kulturaz gozatzeko, eta ondarearen eta ingurunearen kontserbazioan laguntzeko». Azkenik, «lurralde paregabe batera bidaiatzeak eta tokiko garapenean laguntzeak adierazten duen berezitasuna» aipatzen du, eta produktuak, zerbitzuak eta garraiobide jasangarriak aukeratzea gomendatzen.

Temas

Euskera