https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskadik eta Galesek osasun arloko ikerketan eta Lehen Mailako Arretaren inguruan zuten hitzarmenean sakondu egin dute

Euskadik eta Galesek osasun arloko ikerketan eta Lehen Mailako Arretaren inguruan zuten hitzarmenean sakondu egin dute

Iaz Euskadik eta Galesek Elkar Ulermenerako Memoranduma onetsi egin zuten

UNAI SARRIUGARTE

Euskadik eta Galesek osasun arloko ikerketan eta Lehen Mailako Arretaren inguruan zuten hitzarmenean sakondu egin dute. Hori dela medio, Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko ordezkaritza bat dago egunotan Galesen, Nekane Murga sailburua buru dela.

Bisita gaur arte luzatuko da eta Nekane Murgarekin batera osasun arloarekin erlazionatutako beste zenbait ordezkari joan dira: Osasun Administrazio eta Finantziazioko sailburuorde Fatima Ansotegi, Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendari Maria Aguirre eta Osasun Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazioko zuzendari den Mikel Sanchez besteak beste.

Bisitak Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategiaren nondik-norakoak ere izango ditu hizpide. Osakidetzak estrategia hori indartu eta hobetzea bilatzen du, euskal gizarteari ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko asmoz. Gainera, euskal osasun zerbitzuko profesionalek antolakuntza hobeagoa izatea bilatuko du egitasmoak.

Murgak helarazi duenez: «bisita honen helburua gure erronka berdintsuak dituzten Europako eredu ezberdinekin gure euskal eredua kontrastatzea da». Sailburuak nabarmendu duenez eredu ezberdinen artean ideiak eta esperientziak partekatu ahal izatea ezin hobea da Euskadiko Lehen Mailako Arreta sendotzen eta hobetzen jarraitzeko.

Halaber, ikerketaren eta berrikuntzaren esparruan Gales EIP-AHA Zahartze Aktiborako eta Osasuntsurako Europar ekimenaren barnean banatzen den Reference Site aitortza jaso izan duen zortzi eskualdetako bat da Euskadirekin batera. Pazienteen iritzia kontuan hartzearen aldeko apustu handia egin dute bi eskualdeek.

Azken urteotan Euskadi eta Galesen harremanak gero eta estuagoak dira. Pasa den urtean Euskadik eta Galesek Elkar Ulermenerako Memoranduma onetsi egin zuten. Urte bat igaro, eta oraintxe etorri da Murgaren bisita. Sailburuak goraipatu duenez «lankidetza oso aberasgarria da, osasun arloko emaitzak eta biztanleriaren ongizatea hobetzeko bi eskualdeek duten interesaren emaitza».