https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berriko Euro-eskualdeek sagarrondo mota ezberdinak indartu nahi dituzte

Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berriko Euro-eskualdeek sagarrondo mota ezberdinak indartu nahi dituzte

«Toki Pommes» izeneko proiektuan NEIKER-Tecnalia Euskal Erakundeak hartuko du parte

UNAI SARRIUGARTE

Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berriko Euro-eskualdeek sagarrondo mota ezberdinak indartu nahi dituzte. Horretarako, NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea, «Toki Pommes» izeneko proiektuan parte hartzen ari da. Proiektu hau Euskadiko, Nafarroako eta Akitania Berriko bertako sagarrondo motak ezagutu, balioztatu eta sustatzeko asmoz sortu da.

Gaur egungo ekoizpen sistema sagarrondo mota txiki batera mugatzen da. Hauen gehiengoa era intentsiboko landaketan oinarritzen da. Landaketa intentsiboan produktibitateak du lehentasuna. Kalitatea, usaina, zaporea eta ekologia parametroak alde batera utziz.

Hori dela bide, NEIKER-Tecnalia bertako sagarrondoen aniztasuna ezagutzen eta balioztatzen ari da. Bertako kalitate bereziko produktuen garrantzia bultzatzeko helburuarekin. Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea duela sei urte inguru hasi zen esparru honetan Euskadiko sagardoaren sektorearekin batera elkarlanean «Toki Pommes» izeneko proiektuaren barruan.

Bestalde, proiektu honetan Nafarroako Unibertsitate Publikoak, INTIAk eta Conservatoire Végétal Regional d'Aquitainek hartzen dute parte. Bestalde, proiektuaren kolaboratzaile gisa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak eta Sagardoa Jatorri Izendapena ditugu.

Euskadik, Nafarroak eta Akitania Berriak tradizio handia dute sagardoaren produkzioan. Eskualde bakoitzak baldintza eko-geografiko eta ingurumenezkoetara egokitutako sagarrondo mota ezberdinak ekoizten ditu. Hauen gehiengoa mendeetan ekoitzitako ustiategi eta baratze herrikoietan landu dira. Hortaz, bertako sagarrondo barietateak bultzatzea izango da «Toki Pommes» proiektuaren ardatz nagusia.

Euro-eskualdeak 44.243,39 euroko diru-laguntza bideratuko du «Toki Pommes» proiektura. Hiru eskualdeen asmoa kideen arteko lankidetza estrategikoak finantzatzea dira. Guztien artean erronka berriei aurre egin ahal izateko.

Orain arte, 95 sagarrondo mota ezaugarritu dira genetikoki eta 36 izendapen berri aurkitu dira. Bestalde, bertako 19 sagarrondo mota onartu ditu Bertako Merkataritza Barietateen Erregistroak, eta, beraz, mota horiek merkaturatzeko eta bertan ekoizteko aukera izango da.

Hauxek dira erregistratutako motak: Gazi Gorri, Goikoetxea, Manttoni, Moko, Mozolua, Txalaka, Urtebete Handi, Urtebete Txiki, Bost-Kantoia, Errezila, Geza-mina, Haritza, Mendiola, Merabi, Mikatza, Patzolua, Saltxipi, Urdin eta Verde agria.