https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskadi Literatura Saria irabazi duen Yolanda Mosquera irudigilearen hitzaldia, asteartean, Goiuri Jauregian

Yolanda Mosquera./
Yolanda Mosquera.

Amurrioarrak saria irabazi duen «La pequeña Roque» izeneko lana nola egin zuen azalduko du

PAUL PICADO

Yolanda Mosquera amurrioarrak azken Euskadi Literatura Saria irabazi zuen, iaz, ilustrazioen modalitatean, «La pequeña Roque» izeneko liburuan egindako lanari esker. Asteartean emango duen hitzaldian, lan hori nola egin zuen hain zuzen ere azalduko du. Dioenez, ez zen oso eroso sentitu istorio horren irudiak egiten, izan ere, makabroa eta gogorra da. Istorioaren iluntasunari eutsi zion, betiere goibeltasunaren barruko edertasuna ere landuz.

Mosquera Arte Ederretan lizentziatu zen, diseinu grafikoaren espezialitatean, eta berarentzat lehen sari handia izan zen. Horren aurretik, duela lau urte Emirerri Batuen Ohorezko Aipamena jaso zuen Sharjahn egindako Haurrentzako Liburu Azokan. Aurten, Portugalgo Ilustrarte Nazioarteko Ilustrazio Erakusketarako hautatu dute, eta Txina, Korea eta Italiako azoketan bere irudiak erakusteko ere deitu zuten. Azkenik, 2011. urtean, «Peru Abarka» izeneko bilduma irudiztatuen lehiaketa irabazi zuen. Lan hori bera finalista izan zen Euskadi Literatura Sarietan, ilustrazioen atalean.

Beti ibili da diseinu grafikoan lanean. Horrela, bere lehen lana, Gasteizko diseinu grafikoko estudio batean lortu zuen, jolasen, liburuxken eta multimedia aplikazioen irudiak egiten. Gero, 2008an, Haurren ilustrazioko graduondokoa egin zuen Bartzelonako Diseinu eta Arte Eskolan.

Gaur egun, irudigile gisa lan egiteaz gain, beste arlo batzuetan ere aritzen da, besteak beste diseinuan, publizitatean eta komunikabideetan. Halaber, tailerrak ere ematen ditu. Beraz, hainbat esparrutan egiten du lan, eta bere proiektuak lehiaketetara aurkezten jarraitzeko asmoa du.

Temas

Euskera