https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskadi, bi dimentsioko materialen ikerketen munduko mapan

Euskadi, bi dimentsioko materialen ikerketen munduko mapan
Irekia

Grafenoaren erabilerari buruzko bilkura egiten ari dira Donostian, 650 aditu elkartu direlarik

AMALIA IBARGUTXI

Grafenoa karbono-atomoz osaturik dagoen laminazko egitura laua da, atomo baten lodiera duena. Gauza asko egin daitezke grafenoarekin, baina oraindik ez dira aplikazio guztiak garatu. Hain zuzen, material horren erabileren inguruan ikertzen duten 47 herrialdetatik etorritako 650 aditu elkartu dira Graphene Week 2018 nazioarteko kongresuan, Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian. Europaren historiako ikerketa-proiektu handienetako bat da, 150 bazkide baino gehiago dituena, 1.000 milioi euroko aurrekontuarekin.

Astelehenean hasi zen, CIC nanoGUNE ikerketa-zentroak antolatuta. Graphene Week kongresua Graphene Flagship proiektuaren kongresu nagusia da, grafenoaren eta bi dimentsioko beste materialen ikerketan adituak direnen elkargunea astebetez. «Euskal Herrian nanozientziaren arloan puntako ikerketa egitea da gure helburua, gure gizarteak nanoteknologiaren aurrerapenen aitzinean probetxua atera dezan», adierazi du Jose Maria Pitarke nanoGUNEko zuzendariak eta kongresuko presidenteak.

Nazioarteko kongresuaren helburu nagusia grafenoaren eta bi dimentsioko beste materialen ikerketan lortu diren azken aurrerapausoak ezagutaraztea denez, puntako 30 hizlari gonbidaturen hitzaldiak, 95 ahozko aurkezpen eta 300 bat poster prestatu dituzte. Besteak beste, Andre Geim Fisikako Nobel saridunak eta energia-metaketan aditua den Cambridge Unibertsitateko Clare Grey ikertzaileak izango dira Kursaalean.

Gainera, topaketak ere izango dira. Esaterako, 'Graphene for human space workshop'-ean grafenoak espazioan izan ditzakeen aplikazio ezberdinak aztertuko dituzte, Europako Espazio Agentziaren (ESA) eta NATOren laguntzari esker; Graphene Innovation Forum berrikuntza-foroan grafenoak eta harekin zerikusia duten materialek merkatuan eta industrian izan ditzaketen aplikazioak izango dituzte aztergai; eta AEB-Europa Nazioarteko Workshop-a ere antolatu da, National Science Foundation-arekin elkarlanean.

Komunitate zientifiko anitzagoa

Kongresuak Women in Graphene ekimenerako tartea ere izango du, zientzian emakumeen presentzia sustatzeko eta komunitate zientifiko anitzago bat sortzeko helburuarekin. Grafenozko produktuen erakusketa ere antolatu dute.

Iñigo Urkullu lehendakaria izan zen irekiera-ekitaldiko buru. Irekiera-ekitaldian parte hartu zuten, halaber, Jose Maria Pitarke nanoGUNEko zuzendariak eta kongresuaren presidenteak, Jari Kinaret Graphene Flagship-eko zuzendariak, Jean-Francois Buggenhout Europako Batzordeko goi-ordezkariak, Markel Olano ahaldun nagusiak, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak, Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak eta Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko foru diputatuak.

Graphene Week kongresua Graphene Flagship proiektuaren kongresu nagusia da, eta azken urteetan Atenasen, Varsovian eta Manchesterren antolatu ondoren, aurten Donostian izango da ostiralera arte.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos