https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskadi Basque Country Egunaren lehen edizioa ospatuko da ekainaren 19an, Bilbon

Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratuko du jardunaldia./Efe
Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratuko du jardunaldia. / Efe

«Herrialde marka bultzatzeko urteko jardunaldia» izango dela aurreratu dute antolatzaileek

EL CORREO

Euskadi Basque Country Egunaren lehen edizioa egingo da ekainaren 19an, Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak sustatuta. Jardunaldia Euskadi-Basque Country herrialde marka garatzen laguntzen duten erakundeei, eragile ekonomiko, kultural, akademiko edo sozialei eta pertsonei zuzenduta dago, bai eta nazioarteko agenda garatzen duten pertsonei edo nazioartekotze prozesua hasteko aurreikuspena dutenei ere, azaladu dute arduradunek.

Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak astearte honetan ekimenaren aurkezpenean adierazi duenez, ekimenaren helburua da «Euskadi marka sustatzea, horren inguruko ahaleginak batzea, eta gure mugetatik kanpo dauden pertsona eta erakundeen esperientzia azpimarragarriak partekatzea».

'Abangoardia maite duen antzinako herria' izenburupean, egun garrantzitsu hau Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak inauguratuko du eta 20 parte hartzaile inguru bilduko ditu. Hasteko, Gustavo Koniszczer branding aditu argentinarrak eta FutureBrand agentziako zuzendariak esparru-hitzaldi bat emango du, non Euskadi markari eta haren ikurrei buruz egindako azterketa zabalaren emaitzak eta markak eraldaketa tresna gisa eskaintzen dituen aukerak jakinaraziko dituen.

Mahai inguruak

Ondoren, Euskadi markaren pertzepzioa hainbat esparrutik abiatuta aztertzeko, hiru mahai inguru izango dira. Lehen mahai ingurua, gizarte kohesioari, lankidetzari eta autogobernuari buruzkoa izango da, eta, bertan, Euskadik elkartasunaren arloan bere mugen barruan zein muga horietatik kanpo egiten duen jardueran eredu propio bat izateak duen eragina aztertuko da.

Mahai inguruaren moderatzailea Olatz Arrieta ETBk Bruselan duen korrespontsala izango da, eta Global Sharpers Bilbao ekimenaren koordinatzaile Estibaliz Arenzana, Fair Saturday ekimenaren bultzatzaile Jordi Alvareda, NBE beken aitzindari Felipe González (EHU) eta Deustuko Unibertsitateko irakasle Leyre Arrieta izango dira parte hartzaileak.

Bigarren mahai inguruan ETBko kazetari Vanessa Sánchez arituko da moderatzaile lanetan, eta Euskadi-Basque Country herrialde marka aztertuko da benetakotasunaren, kulturaren eta erakarpenaren ikuspegitik. Eneko Atxa sukaldariak, Nere Lete Boiseko Unibertsitateko itzultzaileak, Miryam Miranda Musika Bulegoko zuzendariak eta Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao museoko zuzendariak hartuko dute parte bertan.

Hirugarren mahai inguruan, berriz, lehiakortasunaren, hezkuntzaren eta talentuaren ikuspegitik aztertuko da Euskadi-Basque Country herrialde marka, eta CAFeko presidente Andres Arizkorreta, DIPCeko zuzendari Ricardo Díez Muiño, BCBLko eta Ikerbasqueko ikertzaile Clara Martín eta Amarenak-eko ekintzaile Ohiane Pardo izango dira parte hartzaileak. EL CORREO egunkariko Adolfo Lorente kazetaria arituko da moderatzaile lanetan.

Hori nahiko ez balitz, Kirmen Uribe idazleak (New Yorketik) eta Ion Ander Beloki artistak ere parte hartuko dute jardunaldian, eta Marian Elorzak itxiko du ekitaldia.