https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Europako hizkuntza gutxituen eskubideen aldeko Minority Safety-Pack herri ekimena sinatu du Bilboko alkateak

Europako eremu urriko hizkuntzen hiztunen eskubide linguistikoak Europa mailako legeria lotesle baten bidez babestu nahi dituen ekimena da

ELCORREO.COM

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak bat egin du aste honetan Minority Safety-Pack izeneko herri ekimenarekin, bere sinadura jarrita. Europako eremu urriko hizkuntzen hiztunen eskubide linguistikoak Europa mailako legeria lotesle baten bidez babestu nahi dituen ekimena da Minority Safety-Pack.

Horrela, ekimena sinatzearekin batera, Aburtok euskaltzale guztiak animatu ditu kanpainarekin bat egin dezaten, apirilaren 2a baino lehen milioi bat sinadura jaso behar baititu. Sinadura horiek beharrezkoak dira ekimena bermatzeko eta eztabaida Europar Batasuneko erakundeetan plazaratzeko.

Kanpainaren bitartez, Europar Batasunaren barruko gutxiengo nazionaletako 50 milioitik gora herritarren eskubideak babestuko dituen legeria loteslea eskatu nahi zaie Europar Batasuneko erakundeei, «Europar Batasun osoan gure hizkuntza eskubideak ziurtatu eta bermatuko dituen europar legeria loteslea».

Europako Nazionalitateen Batasun Federalak aurkeztu zuen ekimena duela zenbait aste Europako Parlamentuko Gutxiengoen Taldeartekoan, eta milioi bat sinadura behar ditu aurrera egiteko. Orain arte ia 200.000 sinadura batu dira, eta gutxienez Europar Batasuneko zazpi estatu ari dira parte hartzen ekimenean.

Minority Safety-Pack ekimen hau bultzatzeko prozesua oso erraza da, eta www.minority-safepack.eu web orriaren bidez jasotzen dira sinadurak, milioi batera iristeko helburuarekin.

Horrela, Aburtok bilbotar guztiak animatu ditu euskararen eskubideak defendatu nahi dituen ekimen hau bultzatzera. «Bilbotar guztiak animatu nahi ditut gure hizkuntzaren, euskararen, aldeko ekimen hau bultzatzera. Ekimen hau indartu beharra dugu euskarak eskubide linguistiko guztiak izan ditzan munduko bazter guztietan. Euskara hizkuntza aberatsa eta bizia dela jakin behar du Europak eta, horregatik, presente egon behar du erakunde guztietan eta berme guztiekin», adierazi du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos