https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Europako Arkeologia Jardunaldiak hasiko dira gaur, Gasteizen

Arabako Arkeologia Museoa./Kulturklik
Arabako Arkeologia Museoa. / Kulturklik

Bibat museoak antolatu ditu eta igandean amaituko dira

PAUL PICADO

Europako Arkeologia Jardunaldiak hasiko dira gaur, Gasteizen. Bibat museoak antolatuta, igandean amaituko dira, baina, tarteka, hitzaldiak, bisita gidatuak Arabako Arkeologia Museora eta bisita antzeztuak izango direla azpimarratu dute antolatzaileek. Jardunaldietara bertaratu nahi izanez gero, interesdunek Arabako Arkeologia Museora zuzenean jo beharko dute, 945 203 707 telefonora deituz.

Hitzaldien txanda gaur izango da, eta 'Arkeologia Araban' izenburupean, besteak beste Los Cascajos (Tobera), El Cerrado (Guardia), Elexazar (Amurrio), Legaireko (Entzia), Larrarako (Dulantzi) eta El Alta-Montegrande (Erriberabeiti) aztarnategietako, Gorbeiako Parke Naturaleko, Araia-Burunda ibaien arroetako, Guardiako Hiribilduaren aurrekarien, Arabako Errioxako lurrazpiko upategietako eta Kuartangoko Trikuharrien ordezkarien hitzaldia izango da 19:00etatik aurrera.

Bestalde, ostiralean bisita gidatuak egingo dira Arabako Arkeologia Museora. Parte hartu nahi dutenek, aldez aurretik izena eman beharko dute, aurretik aipatutako telefonora deituz. Bisita gidatuak EHUko Alvaro Arrizabalagaren eta Ikerbasque, Zientziarako Euskal Fundazioko Mª José Iriartek egingo dituzte, eurak baitira dagoen erakusketaren komisarioak. 'Jatorria' izenburupean, bisitak 11:00etan hasiko dira.

Azkenik, larunbat eta igandean, bisita antzeztuak egingo dira Iruña-Veleia hiri erromatarrera, 'Besteak bezalako egun bat Veleia hirian' izenburupean. Cohors Prima Gallica Elkarteak, berreraikuntza historikoko taldeak, egingo ditu, eta 12:00etan hasiko dira.