https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Eugene Chulkov fisikariak Euskadi Ikerketa Saria jasoko du bihar

Eugene Chulkov fisikaria. /Lobo Altuna
Eugene Chulkov fisikaria. / Lobo Altuna

Epaimahaiak nabarmendu duenaren arabera, ekarpen esanguratsuak egin ditu materia kondentsatuaren fisikaren eremuan, bereziki egoera solidoaren fisikan eta gainazalen fisikan

EL CORREO

Eugene Chulkov fisikariak 2018ko Euskadi Ikerketa Saria jasoko du bihar Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eskutik. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Materialen Fisika Saileko katedradun eta Donostia International Physics Center-eko (DIPC) ikertzailea saritzeko ekitaldia Lehendakaritzako Gasteizko egoitzan izango da, 17:00etan, eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ere parte hartuko du, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Zientzia eta teknologia arloko entzute handiko bost ikerlarik osatutako epaimahaiak aho batez onartu zuen azken hamarkadetan Euskadin errotua dagoen ikerlari errusiarraren aldeko ebazpena, sariaren 23. edizioan aurkeztutako hamar hautagaien artean.

Baina nor da saritu duten ikerlari hau? Esan bezala, Eugene V. Chulkov irakaslea (Ryazan eskualdea, Errusia, 1950) EHUko Materialen Fisika Saileko katedraduna da 2003tik, eta Materials Physics Center-eko (MPC) eta Donostia International Physics Center-eko (DIPC) ikertzailea ere bai. Ekarpen esanguratsuak egin ditu materia kondentsatuaren fisikaren eremuan, bereziki egoera solidoaren fisikan eta gainazalen fisikan.

Bere lana hainbat esperimenturen jatorri izan da, kuasipartikulen eszitazioen desintegrazioaren mekanismoak eta batez besteko bizi denborak, tunel espektroskopia eta angeluz bereizitako fotoemisio espektroskopia ikertzeko.

Errusiako Tomsk-eko Estatu Unibertsitateko Zientzia Fisiko-Matematikoetako gradua eta doktoregoa eskuratu zituen, eta Euskadirekin 1995ean hasi zen harremanak izaten, EHUn irakasle gonbidatu gisa egonaldia egin ondoren, gainazal metalikoetan elektroien dinamikaren inguruko proiektua garatzeko. Proiektua arrakastatsua izan zen eta horrek sendotu egin zuen Chulkov irakaslearen eta EHUren arteko harremana; 2000tik kontratu harremana du eta harrezkero DIPC abiarazten lagundu zuen, mundu osoan kuasipartikulen dinamikaren eremuko fisikari eta kimikarientzat erakarpen polo gisa. Horrela, lankidetza estuak izan dira Europako, AEBetako eta Japoniako talde esperimental eta teoriko ugarirekin.

Nazioartean erreferente

Aipatutako guztiaz gain, zientzia egiteko duen moduaren alderdi oso esanguratsua ere nabarmendu du epaimahaiak: eskola sortzea. Urteotan, Chulkov bere inguruan langile ikertzaileen nukleo esanguratsua eratzeko eta biltzeko gai izan da. Horrela, mundu osoko puntako 50 ikertzaile baino gehiago DIPCra eta Donostiara datoz bikaintasuneko eskola horrek erakarrita, hiria bikaintasuneko talentuaren erakarpen polo bilakatu da.

Epaimahaiak bere irakasle eta ikertzaile ibilbidea azpimarratu du, bai eta materia kondentsatuaren fisika teorikoan nazioartean erreferente bilakatu den ikertaldea sortu eta zuzentzea ere. Gainera, bere ikerketa lana nabarmendu du, goi mailako eta inpaktu handiko hainbat argitalpenetan islatua.

Horrez gain, hitzaldi nagusi ugari eman izana eta nazioarte mailako hainbat proiektutan ikertzaile nagusi gisa parte hartu izana ere nabarmendu du. Saridunak aparteko ekarpena egin die egoera solidoaren fisikaren eta gainazalen fisikaren azterlanari eta Euskadin bikaintasun zientifikoko eskola ospetsuaren sorrerari.

Temas

Upv, Euskera