https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Etxepare Euskal Institutuak eta Eskoziako Dantza Zentro Nazionalak 'Atlantik 1050' proiektua sortu dute

Etxepare Euskal Institutuak eta Eskoziako Dantza Zentro Nazionalak 'Atlantik 1050' proiektua sortu dute

Bi lurraldeen arteko joan etorriko bidaia izango da

UNAI SARRIUGARTE

Etxepare Euskal Institutuak eta Eskoziako Dantza Zentro Nazionalak 'Atlantik 1050' proiektua sortu dute. Euskal eta eskoziar dantzak uztartuko dituen kaleko ikuskizuna. Ekimenak itsasoa izango du hizpide. Izan ere, itsasoak lotura handia du Eskozia eta Euskal Herriaren artean.

'Atlantik 1050' bi lurraldeen arteko joan etorriko bidaia izango da. Hori dela bide, Edinburgoko Fringe jaialdian estreinatuko da abuztuan eta, ondoren, irailean Errenteriako Atlantikaldia jaialdian egongo da erakusgai.

Ekimenak bi herrialdeen arteko kultura, artea eta hizkuntzak oinarri hartuta Eskoziaren eta Euskal Herriaren harremana sendotzea du helburu. Hortaz, 'Atlantik 1050' ikuskizuna #ScotlandGoesBasque ekimaren hurrengo mugarria izango da. Bi lurraldeetako dantzak uztartuko dituen ekitaldia, iragana eta gaurkotasuna bat eginez.

Edinburgh Festival Fringe egun nazioarte mailan dantza topaketa garrantzitsuena da bai publikoari dagokionez, eta baita arte eszenikoko profesionalei dagokienez ere. Morag Deyes Fringe jaialdiaren zuzendari artistikoak 'Atlantik 1050' nazioarteko proiektuan parte-hartu izan du. Deyesek gogor egin du apustu euskal dantza tradizionala Edinburgoko jaialdi ospetsuan aurkeztearen alde, euskal dantza tradizionalen miresle sutsua baita.

Bestalde, ekimenaren finantziazioa Etxepare Euskal Institutuaren, kultur jarduerak bultzatzen dituen Creative Scotland erakunde publikoaren eta Errenteriako Udalaren esku egon da. Errenteriako jaialdiak kulturen arteko elkartrukeak ahalbidetzea eta horien arteko sorkuntza prozesuetan eragitea du xede.

Hauxe da 'Atlantik 1050' proiektuaren agenda: batetik, ekainaren 5tik 9ra bitartean Jen Wren eta Amy Geddesek lan eta ikerketa bisita egingo dute Euskal Herrian, eta uztailaren 22tik 26ra Alain Mayark lan bisitan joango da Eskoziara. Bestetik, Abuztuaren 9an emanaldia eskainiko dute Fringen (Edinburgo) eta Irailaren 22an, berriz, Atlantikaldian (Errenteria) egongo da ikusgai antzezlana.