https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Etxean lapurretak saihesteko gomendioak eman ditu Ertzaintzak

Lapurrek ateetako behatxuloak estaltzen dituzte lekukorik izan ez dadin./M. Herreros
Lapurrek ateetako behatxuloak estaltzen dituzte lekukorik izan ez dadin. / M. Herreros

Ateetako markatzaileei eta ezagutzen ez dugun erreparatzeko gomendatu du Ertzaintzak

JAN ECHEVARRÍA

Ez dakit noizbait etxean lapurtu dizuten, baina, horrela bada, seguro sekulako sustoa hartu zenuela. Zure intimitatea inbaditu dutela sentitzen duzu halako egoera ezatzegina sufritzen duzunean eta, logikoa denez, beldurra nagusitzen da zure buruan, gehienbat lapurrak oraindik etxe barruan egon ahal direla kontutan izaten baduzu.

Oporretako egunak aproposak izaten dira horrelako delituak burutzen dituztenentzako. Gauzak horrela, eta, Gabonetako egunak hemen daudela ikusita, Ertzaintzak gomendio batzuk eman ditu egoera hauek ekiditzeko helburuarekin. «Herritarrek arretaz erreparatu beharko diete etxeko sarrerako ateetan egon daitezkeen plastikozko markatzaileei edo inguruan ikusmiran dabilen jendeari. Susmoren bat izatekotan, 112 telefono zenbakira deitzea eskatu du euskal poliziak. Izan ere, hobe da alarma faltsu batez arduratzea lapurreta bat pairatzea baino», diote.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, lapurrek beti modu berdinean jokatzen dute, berrikuntzaren bat edo beste sartuta. Hiri eta herri inguruneetan sarrailaren ezkutu babeslea eta zilindroa hausten dituzte, bai eta behatxuloa estali ere, lekukorik izan ez dadin. Bestalde, kolpeko sarraila duten ateak «irristatzearen» metodoaren bidez zabaltzen dituzte, plastikozko xafla bat erabilita. Landa ingurunean edo bizitza bakarreko etxeetan atea edo leihoa palankarekin manipulatuta sartzen dira, edo zabaltzeko eskulekutik hurbil dagoen kristala hautsita.

«Mota honetako delituek behera egin dute pixkanaka azken bost urteetan, batez ere herritarrak kontzientziatuta daudelako eta arduratsuagoak direlako, bai eta ertzain etxeek abian jarritako ekintza plan operatiboen ondorioz ere. Hala ere, Ertzaintzak ohartarazi du «oraindik lapurretak daudela», eta urtero ematen dituen gomendioak jarraitzea aholkatu du ere bai.

Hortaz aparte, euskal poliziatik gogorarazi dute lapurretak eguneko edozein ordutan gerta daitezkeela, eta dirua, bitxiak eta aparatu informatiko edo ikus-entzunezko txikiak direla gehien lapurtzen direnak. Lapurreta horietako gehienak Espainiako Estatuan batetik bestera dabiltzan eta ohiko delitugileek edo lapurreta egiten 'profesionalak' direnek osatutako talde kriminal ibiltariek egiten dituzte.

Atearen markoa aztertu

Lapurretei aurre hartzeko aholkuak eman ditu Ertzaintzak ere bai. Horien arabera, beti itxi behar da etxeko sarrerako atearen sarraila giltzaz, bi buelta emanda. Bitxiak eta balioko objektuak ustekabeko lekuetan gordetzea neurri egokia da lapurreta eginez gero galera handirik ez izateko, lapurrek denbora gutxi izaten baitute eta lehenengo begiratzen dituzten lekuak ohiko gordelekuak izaten baitira, armairuetako tiraderak, batez ere.

Sarraila modernoak instalatzen saiatu behar gara, segurtasun berme handiagoa ematen baitute. Atearen markoa sarri aztertzea komeni da, erlaitzen bat jarri ote duten ikusteko; halakorik hautematen bada, Ertzaintzara berehala deitu behar da.

Postontzietako posta eta publizitatea egunero erretiratu behar da, eta etxean norbait dagoela aditzera emango duten gailuak erabili. Etxetik kanpo egongo bagara konfiantzazko jendearekin hitz egitea komeni da, etxera sarri samar bisita egin dezaten eta nola dagoen ikus dezaten.

Jendaurrean eta sare sozialetan ez da esan behar zein egunetan ez garen etxean egongo, eta ez da halako mezurik utzi behar telefonoaren erantzungailuan. Higiezinari atxikita aldamioak badaude, leihoak eta pertsianak ondo itxi behar dira.

Atalondoaren barruan edo inguruan pertsona susmagarriren bat ikusten bada, Ertzaintzara deitu behar da, SOS Deiak 112 telefono zenbakiaren bidez, eta lapurreta gertatu bada, hobe da ezer ez ukitzea eta gauzak bere lekuan ez jartzea, eta Ertzaintzara berehala deitu (112).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos