https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Etorkinentzako zerbitzuak hobetzeko plana zehaztu du Jaurlaritzak

Etorkinentzako zerbitzuak hobetzeko plana zehaztu du Jaurlaritzak
Ignacio Pérez

3.881 arreta eman zaizkie pasa den ekainaren 28tik etorkinei

AMALIA IBARGUTXI

Uda honetan gora egin du nabarmen igarobidean dauden migratzaileen kopuruak, eta etengabe ikusi ditugu zifra horiek hazten. Aldi baterako egonaldietarako egoitzak gainezka, argazki orokorra goibela izan da oso. Hiritarrak konponbideak eskaintzen saiatu dira, eta hainbat egoitza eta gaztetxe bideratu dituzte arreta lan horietara. Hainbat erakundek, bestalde, zifrak gaurkotu dituzte, egoera nolabait irudikatzearren. Etorkinei arreta emateko Erakundeen arteko Koordinazio Mahaiaren arabera, guztira, «3.881 arreta eman zaizkie pasa den ekainaren 28tik etorkinei, eta pasa den abuztuaren 27ko astean, gailu horien bidez, 214 arreta eman dira. Baliabide hauetan 310 gaualdi izan dira».

Etorkinei arreta emateko Erakundeen arteko Koordinazio Mahaian parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek, euskal hiriburuetako udalek, Euskadiko Gurutze Gorriak, Harresiak Apurtuz erakundeak, Caritasek, CEARek eta SOS Racismok, eta Andaluziako kostaldeetara heltzen diren lagunei laguntza ematen diete. Estatuan 30 egun baino gutxiago daramatzaten lagunak izan ohi dira.

Aste honetan amaitu da Irungo baliabidea erabiltzeko aukera, eta, mahaian parte hartu duten «erakundeen lankidetzari esker, eta batez ere udalari esker», Irungo Martindozenea aterpetxean migratzaileentzako aldi baterako harrera etxea sortu dute. Baliabide hori irailaren lehenengo egunean jarri zuten martxan 60 toki erailgarrirekin. «Horrela, bertan, berme guztiekin eskaini ahalko zaie arreta gizon eta emakumeei eta laguntza duten adingabeei», esan dute mahaiko kideek.

Aholkularitza, osasun-arreta, gosariak, bazkariak eta afariak eskainiko dituzte bertan, bai eta dutxa eta garbitasunerako zerbitzua ere. Baliabide berri honekin, Euskadik larrialdietako aldi baterako 213 harrera-plaza ditu guztira: 88 Bilbon, 35 Gasteizen, 30 Donostian eta 60 Irunen.

Pertsona horiek guztiak hartzeko egokitutako ostatuen harrera-lana Euskadiko Gurutze Gorriak egiten du, euskal erakundeekin duen lankidetza-akordio baten bidez. Horietan, ostatua eskaintzen da, pertsona horiek bere migrazio-prozesuaren berrezarpena egin bitartean.

Egonaldi luzeagoak helburu

Erakundeen arteko Mahaiak, OIMek (Migrazioetarako Mundu Mailako Erakundea) emandako datuak baliatuta nabarmendu duenez, «Estatura iritsi diren pertsonetatik, %9 baino ez da igaro Euskaditik. Gainera, Ikuspegiren datuen arabera, Euskadin %9a baino ez da biztanle atzerritarren kopurua; Estatu mailan, %12,9koa, eta Europar Batasunean, batez beste, %11,2koa delarik».

Hala ere, larrialdietako baliabideetan eskaintzen den egonaldia baino luzeagoa beharrezkotzat jo du Jaurlaritzak, eta Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak adierazi du, horregatik, «batik bat, kolektibo ahulenei arreta bereziagoa emateko beharra aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzak, laster, larrialdietako baliabideetan eskaintzen den egonaldia luzatuko duela».

Zerbitzu berri horrek 15 eguneko egonaldia eskainiko die migratzaileei, 20ra luzatu ahalko dena. Lehenetsiko dituzten lagun taldea osatzen dute adingabeak beren kargura dituzten emakumeak, bakarrik dauden emakumeak eta eriondokoak.

Gizarte-bazterketarako arriskuan dauden etorkinen oinarrizko beharrei erantzutea (ostatua, elikadura, arropa, oreka emozionala etab.), babesgabetasuneko eta aterperik gabeko egoerak saihestu eta gutxitzea eta informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskaintzea izango dituzte helburu.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos