Eten ez den katea
Duela 65 urte, Rosa Parks izeneko jostun beltza, lantokitik etxera zihoala, igo zen autobusera eta zuriei zegokien aulki batean jarri zen, leher eginda. Ez omen zegoen lekua beltzentzako esparruan eta emakumeak aulkitik altxatzeko agindua berehala jaso bazuen ere, uko egin zion aginduari. Ezezkoak kartzelara eraman zuen emakumea, Ameriketako Estatu Batuetako Alabaman. Ez zen errebeldia hori gauzatu zuen lehena, baina bai giza eskubideen defentsaren ikur bilakatu zena.
Sasoi hartan ez zen oraindik jaio Kamala Harris, egunotan Estatu Batuetako presidenteordea izendatu duten emakumea. 1964an jaio zen Harris andrea, hain zuzen, arrazaren inguruko diskriminazioaren kontrako legea onartu zen urtean bertan. Kalifornian jaio zen Harris, ez Alabaman, eta nabarmena da bi familien arteko desberdintasuna ere. Langile pobreak ziren Parksen gurasoak, lehen mailako profesionalak Harrisenak. Parks apenas zegoen eskolatua, eta Harrisek hezkuntzarik osoena jaso zuen, puntako unibertsitateetan, fiskaltzaraino eraman zuena.
65 urte behar izan ditu arrazakeriaren kontrako borrokak gauden puntura heltzeko, 65 urte eta pertsona askoren borroka bikoitza, arrazakeriaren eta matxismoaren kontra. Azkarregia, eskolatuegia da Harris hori ukatzeko. Jakin badaki beste batzuek zabaldu zuten bidexkatik dabilela bera, beste batzuen pausoek landutako zorua zapaltzen duela. Horixe esan zuen kargua hartu zuen momentuan: beste emakume askoren lanari esker nago hemen. Lehena naiz, gehitu zuen, baina ez naiz azkena izango.
Kate bat marraztu zuen Harrisek, Rosa Parksenganaino eta haratago luzatzen dena. Dudarik gabe Harrisen jardunak zerbait zabalduko du bidexka, ez dakigu zenbat, baina milioika emakumeren jarduna behar da basabidea errepide bilakatzeko, hamarraldiak beharko dira errepidea autopista bilaka dadin.