Etekin, ekonomia eta finantza gaiak euskaraz lantzeko bilgunea
Eusko Jaurlaritzak eta Finantzen Euskal Institutuak, Bankoa ABANCAk, CaixaBank-ek, Kutxabank-ek, LABORAL Kutxak eta Rural Kutxak duten hitzarmenari esker antolatu da estreinekoz topaketen zikloa, eta aurten hiru izango direla iragarri dute
Eusko Jaurlaritzak eta Finantza Entitateek Etekin Ekonomia Topaketak aurkeztu dituzte asteazken honetan Bilbon. Gaurkotasunezko ekonomia eta finantza gaiak euskaraz lantzeko bilgune honek ekonomia eta finantza gaien hausnarketa sustatu eta harremanetarako topagune bat izan nahi du. Eta, aurreratu dutenez, estreinekoz antolatu diren topaketa hauek 2024an hiru saio izango dituzte.
Publicidad
Lehen topaketa datorren asteazkenean, irailaren 25ean, izango da, bertan Ekonomia Ituna izango dela hizpide (Izena eman, hemen). Bigarren saioa, berriz, enpresen eraldaketarako funtsak aztertuko ditu Gasteizko Europa Jauregian urriaren 23an. «Banku finantziazioa, kooperatibak, funtsak, crowdfunding, bazkideen kapitala... Gaur egun mahai gainean dauden gaiak direla uste dugu eta horren inguruko adituak biltzea eta hausnarketa bultzatzea egokia dela uste dugu», diote antolatzaileek.
Eta azken saioa, non trantsizio energetikoaren gaia jorratuko den, Bilboko Itsas Museoan ospatuko da, azaroaren 20an. Azken saio honetako koordinazio lanetan ariko diren bi finantza entitateak CaixaBank eta Kutxabank izango dira. Hiru saioak euskaraz izango dira eta aldibereko itzulpen zerbitzua erabiltzeko aukera egongo da. Interesdunek jakin behar dute, Donostiako saioa aurrez aurrekoa izango bada ere, Gasteizko eta Bilbokoak online ere jarraitzeko aukera egongo da EITBren streaming zerbitzuari esker.
Astezken honetako aurkezpenean, Hizkuntza Politika sailburuorde Aitor Aldasoro izan da eta berarekin batera zikloari buruzko informazioa eman dute Iratxe Sainz Rural Kutxako Bizkaiko eta Arabako departamentuko buruak eta Lander Rubio Caixabank-eko Ipar lurralde zuzendaritzako enpresetako zuzendariak, Bankoa ABANCA, Finantzen Euskal Institutua, Kutxabank eta LABORAL Kutxako kideekin batera, besteak beste. Aldasorok entitateen eta Jaurlaritzaren ateko lankidetza azpimarratu du, bere hitzetan, euskaraz aritzea kalitatezko zerbitzua ematea delako.
Ibilbide luzea euskara sustatzeko lehen hitzarmena sinatu zenetik
2007an Eusko Jaurlaritzak euskara sustatzeko lehen lankidetza hitzarmena sinatu zuen hiru aurrezki kutxekin. 2015ean, hainbat banketxeen konpromisoa jasotzen zuen hitzarmena gauzatu zen. 2022an, bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeko eta entitateetan euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin hirugarren hitzarmen bat sinatu zuen Jaurlaritzak sei finantza-entitateekin. Azkenik, 2023an Finantzen Euskal Erakundea egitasmora batu zen. Akordio testuinguru horretatik jaio da Etekin, gaurkotasunezko ekonomia eta finantza gaiak euskaraz lantzeko bilgunea.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión