Eszenatokiak bueltatu dira
Buru-belarri ·
BBK Aretoak musikari desberdinen kontzertuak eskainiko ditu streaming bidez. Programazioa oso interesgarria da: Belako, Izaro, Mikel Erentxun, Gari, Alex Ubago, Shinova...Ezin ukatu. Nahiz eta hau idazten dudan bitartean zerua guztiz lainotuta egon eta kalera irteteko gogoak gero eta handiagoak izan, gaur alai jaitzi naiz. Urtero agenda bat erosten dut. Bertan laneko kontuak idazteaz gain, ikuskizunak, txangoak eta batez ere kontzertuak apuntatzen ditut.
Aurtengo plan gehienak ezabatu ditut dagoeneko. Guztiok bezala. Behintzat data batzuk aldatu egin ditut, kikuskizun horiek bertan behera geratu beharrean eguna aldatu baitute. Gatibu eta Izarorekin hala gertatu zait. Dena ondo badoa, urrian ikusiko ditut eszenatoki gainean. Sarrerak aspaldi erosi nituen.
Baina tira, nire poztasunaren arrazoia adieraztera etorri naiz hona. Kontua da apirilerako eta maiatzerako plan kultural interesgarri batzuk topatu ditudala. Kontzertu ugari eta umorezko bakarrizketa batzuk ere. Hurrengoa, larunbatean bertan. Belako taldeak BBK Aretoan joko du.
Baina nola? Nik galdera berbera egin nion nire buruari. Lasai, ez da ikuslerik egongo. Beno, bai, agian inoiz baino gehiago. BBK Sala Etxean zikloan parte hartuko duten musikari eta aktoreak eszenatokira igoko dira, baina ez dira bertan entzulerik izango, kamara batzuk baizik. BBK Aretoko webgune eta sare sozialetan eta Telebilbao katean ikusi ahal izango da. Norberak bere etxean.
Behar diren neurriak hartuz gero, ideia bikaina dela uste dut. Eszenatokiak magia berezi dauka. Ukaezina da hori. Orain arte etxean eman dituzten kontzertuak bikainak izan diren arren, normala da eszenatokia faltan botatzea. Zuzenekoa hasi baino lehen sortzen den urduritasuna.
Esan bezala, programazioa oso interesgarria da. 24an, Eñaut Elorriaga, 25an Anne Etchegoyen, 27an Benito Lertxundi eta maiatzean, gehiago. Datorren hilabetean Izaro, Gari, Mikel Erentxun, El Mentón de Fogarty, Alex Ubago, Shinova eta La Bien Querida izango dira, besteak beste. Agenda berriz ere bete dut.