Borrar
Zuriñe Hidalgo, kontzertu batean, abesten. Arizmendi
«Eszenatoki gainean abestean mendi errusiarrean muntatzean datorkidan gorakada bera sentitzen dut»

«Eszenatoki gainean abestean mendi errusiarrean muntatzean datorkidan gorakada bera sentitzen dut»

Abeslari eta irakasle den Zuriñe Hidalgo 'Bagoaz' gazteen talent show-a aurkezten ikusiko dugu berriz ere ETB 1en

Izaskun Moyano

Domingo, 18 de febrero 2018, 00:17

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Euskal Herrian talentua lau haizetara zabalduta dago. Adin guztietako jendeak marrazteko, sukaldean aritzeko, dantza egiteko zein kirol munduan errekorrak apurtzeko gaitasun handia baitu. Batik bat, ikuskizunaren munduan gero eta gehiago dira norbere ibilbidea lantzeari ekin diotenak eta arrakasta handia lortu dutenak. Zoritxarrez, une eta toki jakinean ez egotearren, beste hainbeste dira beraien dohainak erakusteko aukerarik izan ez dutenak.

Hauentzat guztientzat lekua dago ETB 1n aurki hasiko den saioan. Iaz izandako arrakasta aintzat hartuta, oraingo honetan gogotsu eta berrikuntza askorekin dator Bagoaz talent show-aren edizio berria. Zuriñe Hidalgok (Gasteiz, 1990) aurkeztuta, 32 gaztek euskal artista handiekin batera eszenatoki gainean duten talentua erakutsiko dute. Saioz-saio onenak izango dira aurrera jarraituko dutenak, eta azkenean, garaile ateratzen denak ETB 1ko Go!azen telesailean aktore lanetan aritzeko saria eskuratuko du.

Aurreko urtean bezala, Alex Sardui, Ylenia Blagietto, Anjel Alkain, Karmele Larrinaga, Iker Villa, Xabier Saldias, edota Maria Amuniategi bezalako euskal artistentzat ez da batere erraza izango gazteokin batera abestu ondoren, epaile gisa ikuskizunak baloratu eta onenei bidea zabaltzea. Hauek guztiez gain, astero Go!azen telesaileko aktoreren bat gonbidatuko dute zortzigarren 'coach' gisa. Beraz, talentua izango da nagusi platoko txoko guztietan; baita aurkezlearen zainetan.

Zuriñe Hidalgorentzat «oso berezia» da saio honetan zeremonia-andereño lanetan aritzea. Gasteiztarrak gertutik bizi izan zuen parte hartzaileen esperientzia. Izan ere, duela hamabost bat urte tankerako programa batetik pasatu ostean, egin zen ezagun Euskal Herrian. «Badakit zer den urduritasun hori sentitzea, eta maiz kostatu egiten zait aurkezle gisa objektiboa izatea», aitortu du abeslariak.

Euri asko egin du ilehoriak eszenatokia lehendabizikoz zapaldu zuen garai hartatik. Indarrez betetako ahotsak zur eta lur utzi zituen saioko irakasle eta zale guztiak. Beste hiru kiderekin batera 'Betizu taldea' osatu zuten, eta oraindik euskaldun askok beraien lehendabiziko singlea izenekoa aise gogoratzen dute: 'Lokaleko leihotik'. Edozein herritako jaietan erromerian gehien eskatu eta aho batez abesten duten kanta horietakoa da. «Ez dakit zer duen abestiak, baina asko animatzen du jendea».

Egun, Hesian taldeko abeslaria da Zuriñe eta urteak daramatzate Euskal Herriko areto eta plazak hankaz gora jartzen. Une honetan ostera, taula gainetik lokalera jaitsi dira lan berrirako abestiak konposatzen baitihardute. Lau hilabete daramatzate eszenatokietatik at eta gasteiztarrak «monoa» duela adierazi du. «14 urte nituenetik ia asteburu guztietako plana kontzerturen bat edo beste ematea da», eta honako hau da orain arte egindako etenaldirik luzeena.

Gauzak horrela, gogo biziz zapalduko du Zuriñek Hesian taldearekin emango duen hurrengo kontzertuko eszenatokia. Berak esan bezala, «taula gainean abestea adrenalina txutea eta terapia da, era berean, niretzat». Telebistan grabatu baino lehen urduritasuna sentitzen badu ere, kontzertuetakoa bestelako sentimendua da. Hesian taldearekin milaka zalerentzat abestea «mendi errusiar batean muntatzean sentitzen den gorakada» omen da.

«Haur eskola bat irekitzea da nire ametsa»

Oinak lurrean ondo josita ditu Zuriñe Hidalgok eta inguratzen duen errealitateaz oso kontziente da. Badaki Euskal Herrian oso zaila dela musikatik bizitzea, beraz beste bide batzuk hartzeari ere ekin zion 18 urterekin: unibertsitatean irakaskuntzako ikasketak burutu zituen. Baina ez zitzaion batere kostatu, haurrak baitira bere beste pasioa; hots, bokazioz da irakasle. Galdetzerakoan argi dauka: «Musika maite duen andereñoa naiz».

Bestalde, «ipurterre hutsa» dela aitortu digu Hidalgok eta 3txulo bezalako saioetatik pasatu ostean, sortzaile lanetan dihardu. Hesian taldearen abesti ugari egin ditu gasteiztarrak eta hainbat dira horietan esaten diren esaldi politak. Berarentzat balio handiena duten batzuk aukeratu eta poltsak diseinatu ditu. Lehendabiziko sortak arrakasta izan ostean, bigarrenarekin dator oraingoan. Izan ere, unean unekoaz gozatzen du ilehoriak etorkizunari muzin eginez. Bere kanta batek esaten duen gisa, «libre, hegan, haizearekin dantzan».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios