https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Estreinaldiek abiada emango diote Loraldiari

Loraldia festibalaren 4. edizioaren aurkezpenak bultzatzaileak, partehartzaileak eta ordezkari politikoak elkartu zituen./
Loraldia festibalaren 4. edizioaren aurkezpenak bultzatzaileak, partehartzaileak eta ordezkari politikoak elkartu zituen.

Aurtengo edizioa laburragoa izan arren, kultur arlo gehiagok hartuko dute parte eta Bilbotik hedatuko da hogei bat gune berri bereganatuz

VIRGINIA ENEBRAL

Berritzailea eta garaikidea Loraldiari hasiera-hasieratik itsatsita dauden hitzak dira. Aurten hirugarren bat gehitu beharko zaio: estreinaldiak. «Saio gehienak ikuskizun berriak edo bira baten abiapuntua izango dira. Hortaz, ia proposamen guztien lehenengo emanaldia izango da», adierazi zuen atzo Imanol Agirrek, festibalaren zuzendari artistikoak, Azkuna Zentroan gertatutako programazioaren aurkezpenean. Izan ere, emankizun asko ez dira berriro ere gauzatuko. Aitzakia paregabea, beraz, euskal kulturaren udaberriko erakusleihoa den Loraldia festibalaren eskaintzari adi egoteko.

Antzerkia, dantza, musika, literatura, zinema eta bertsolaritzaz gain, gastronomiak eta arteak ere lekua izango dute. «Loraldiak lau sormen-haizetara putz egiten du», azpimarratu zuen Agirrek, irudikatuko diren 30 hitzordu artistikoei «ausartak» deituz. «Azkenaldi honetan maiz ari da Bilbo kanpora begira; horregatik, jaialdiak barrura begiratzeko tenorea dela aldarrikatu nahi du, barrura begiratzeko leihoak zabaldu nahi ditu eta. Geureari eutsi, gugandik abiatu».

Martxoaren 5ean abian jarriko den laugarren edizioa iazkoa baino laburragoa izango da, 22 egun iraungo baititu —ia hilabete oso bat luzatu egin zen 2017an—; halere, ia 120 artistek hartuko dute parte eta batez ere, Bilbon barrena hedatuko ditu bere sustraiak inoiz baino egoitza gehiagotan mamituko baita: hogei bat guztira. Aurrekontua 150.000 eurokoa izan da aurten. «2016koa handiagoa izan zen, baina finkatzea lortu dugun esparrua handia da». Zuzendariak ibilbidea duela ere ziurtatu zuen. «Nik dagoeneko datorren urtean daukat burua».

Lorea Bilbaok, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuak, Loraldiaren papera nabarmendu nahi izan zuen. «Tresna garrantzitsua da gure berbetaren, kulturaren eta, orokorrean, baloreen, nortasun eta barru-barruko izakeraren transmisioa bermatzeko». Ildo beretik jarraituz, jendarteari egotzi zion ardura Nekane Alonsok, Bilboko Udaleko Kultura saileko zinegotzi ordezkariak. «Sasi guztien gainetik euskal kulturaren katea ez da eten eta ez da etengo herritarrok euskaraz bizitzeko eta euskal kulturari bultzatzeko asmoari tinko eusten baldin badiogu. Geurea da beraz erronka eta erantzunkizun nagusiena».

Ekoizpen anitzak

Altxor asko ezkutatzen ditu programazioak. Kukai dantza taldeak ekarriko duen ‘Oteizak 110’ proposamena horren erakusgarri da. Euskalduna Jauregiko hormetan Oteizaren arte lanak proiektatuko dira eta publiko artean kokatutako bost dantzarik koreografia berri bat eskainiko dute. «Errepikatuko ez diren hiru emanaldi izango dira», argitu zuen Agirrek. Mikel Laboaren lana hartzen du oinarri, Traverse dantza konpainiako Mikel Theretek La Fundiciónen irudikatuko duen ‘Lekeitioak’ ikuskizuna. Bertan, disziplina honen mugak arakatuko ditu bakarkako dantza batean. «Onenetariko bat da Iparraldeko koreografoa eta Biarritzen aurkeztu baino lehen, hemen egingo du munduko estreinaldia».

Areto batean plazaratu ahal izateko moldaketa egiten ari dira Hika Teatroa eta Oinkari dantza taldeko kideak, ‘Sagartu’ ikuskizuna kalean antzezteko asmatua izan baitzen. Agurtzane Intxaurraga zuzendariaren hitzetan «tentazioa eta emozioa» den sagarra da sormen-iturriaren abiapuntua dantza eta teatroa uztartzen duen obra honetan.

Ekoizpen propioen artean, Arriagan gertatuko den ‘Hiru emakume’ gailentzen da. Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean Ylenia Baglietto, Ainhoa Etxebarria eta Ane Pikaza arituko dira oholtza gainean. Sylvia Plath idazle eta poeta esatubatuarrak ozen irakurria izateko sortu zuen gerraren aurkako olerki feminista honek amatasuna du ardatz.

Musika arloan bi disko berriren kaleratzea entzun ahalko da. Izaro musikari gazteak ‘Eason’ lana Arriagan plazaratzen duen bitartean, zornotzako Inunek ‘Aingurak’ Kafe Antzokian aurkeztuko du. Gainera, beste bi omenaldi gauzatuko dira. Batak, Ruper Ordorika izango du protagonista; besteak, berriz, Estitxu euskal musikari garrantzitsua.

Literaturak San Frantzisko auzoa bereganatuko du ‘Joan-etorriak izenburuarekin elkarlanean sortutako hitzorduan. Proposamen honetan leku ezberdinetatik auzora etorritako bizilagunen lekukotasuna bildu eta hauetatik abiatuta, hainbat euskal idazlek sortutako testuak irakurriko dira. Auzokideek taularatuko dituzte eta Lamine Diawara musikari senegaldarrak irakurraldiaren bidaiari giro musikala emango dio.

Bertsolaritza ezin zen falta eta bi proposamen berritzailerekin etorriko da. ‘Oholtza’ ikuskizunak Beñat Krolem artista eta Jone Uria eta Jon Martin bertsolariak batuko ditu eszenan. Eskultoreak proiektatu, diseinatu eta muntatzen dituen egiturak aurkeztu eta horiek izango dira abiapuntu bertsoak inprobisatzeko. Bestetik, Arantxa Urretabizkaiak Loraldiak eskatutako etorkizunari buruzko testu librea irakurriko du. ‘Etorkizunak harrapatuta’ eman dio izen. Uxue Alberdik eta Maialen Lujanbiok inprobisatuko dute idazkiaren gainean eta Joserra Senperena piano joleak soinu banda jarriko dio.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos