https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Estatuak

Salvinik Aquarius itsasontzia jitoan utzi du 629 pertsona barruan dituela/
Salvinik Aquarius itsasontzia jitoan utzi du 629 pertsona barruan dituela
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Gizarte eferbeszente batean bizi gara. Badirudi egunero daukagula gurutzadaren bat, eta hautsak harrotuz defendatzen dugu bihar ahaztuko duguna. Nor gogoratzen da orain, adibidez, Juana Rivasekin? Gaur amorratzen gaituenari, bihar axolagabetasunarekin begiratuko diogu. Edo ez diogu begiratuko. 2015ko irailaren 2an argazki batek hunkitu gintuen: Turkiako hondartza batean, itsasertzean, haurtxo baten gorpu txikia agertu zen. Laster jakin genuen Aylan zela haren izena. Siriakoa zen. Bere ama eta bere anaia ere ito ziren. Aylanen argazkia mundu osoan zabaldu zen, eta errefuxiatuen drama azalarazi zuen. Europako herriak egoeraren larritasunaz jabetu ziren.

'Errefuxiatuak, ongi etorri'-ren zapi horiak atera genituen eta itxaroten gelditu ginen. Baina errefuxiatu gutxi hartu genituen geure herrietan, eta gerra hainbeste luzatu zen ezen ia-ia berria izateari ere utzi baitzion. 2017an Erroman dagoen FAOren egoitzan, Aylanen estatua bat inauguratu zuen Aita Santuak. Bitartean, xenofobiaren diskurtsoa aurrera joan da, eta Aylanen estatua hori dagoen herrian bertan, Italian, hauteskundeek eta hauteskundeen ostean datozen akordioek ultraeskuinari eman diote botere handia. Esaterako, Barne Ministerioaren burua Matteo Salvini da, eta Salvini horrek Aquarius itsasontzia jitoan utzi du 629 pertsona barruan dituela. Hori egiteko, hainbeste gizaki hain arriskutsua den egoera batera bultzatzeko, estatuak bezain hotzak izan behar du bihotza erabakia hartzen duenak.

Miguel Hernández poeta handia Portugalen atxilotu zuten 1939an. Herri horretan errefuxiatu zen baina hantxe egoteko baimenik ez edukitzea leporatu zioten. Gorriak ikusi zituen idazleak. 32 urterekin hil zen. Kartzelan. «Hona gosea, oroit bere harat-honatak:/ berunezko jornalen kapatazen goldea./ Odolaren prezioz jasotako soldatak,/ ariman uztarria, sorbaldetan kolpea», idatzi zuen Hernándezek. Ez dezagun ahaztu, beraz, gosea zer den, ezta beldurra zer den ere, gosea eta beldurra zer diren ez dakitenak estatuak direlako jada. Estatuak, harrizko bihotzarekin. Estatuak, begirada galduarekin.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos