https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Estalitako instalazio gehiago eta futbola eta errugbirako udal estadioa izango ditu Fadurak

Fadura kirol parkean berrikuntzak egingo dira./G.U.
Fadura kirol parkean berrikuntzak egingo dira. / G.U.

1.600 pertsonek parte hartu dute thinking Fadura partaidetza prozesuan eta 1.900 ekarpen bildu dira. Horien artean, erabilera berriak edukiko dituen parke publiko bat eraikitzea eta pilotalekuen eraikinaren egiturak erabat berritzea

EL CORREO

Fadura kirol parke publiko bihurtzeak, beste iradokizunen artean, ondorengo berrikuntzak ekarriko ditu: futbola eta errugbi udal estadio bat, lehengo garagardotegia ordezkatuko duen erabilera anitzeko eraikina, estalitako instalazioak handitzea, pilotalekuen eraikinaren egiturak erabat berritzea eta erabilera berriak edukiko dituen parke publiko bat eraikitzea. Thinking Fadura esku-hartze prozesuak iaz ia 1.900 iradokizun bildu zituen, bertan parte hartu zuten 1.600 pertsonak eginak.

Imanol Landa Getxoko alkatea pozik agertu da «herritarrekin batera eraikitzen hasiko den etorkizuneko Fadura hobetzeko arlo nagusiak adostasun handiarekin islatzen dituen prozesuak izandako emaitzengatik. Aurreproiektuak modu parte-hartzailean egitearekin eta hainbeste pertsonak eta erakundek esku hartzearekin, ikuspegi, sentsibilitate eta premia mordoa kontuan hartu dira. Modu horretan, Getxo Kirolak-ek zuzendutako lan horren guztiaren emaitza oso sendoa da, eta Faduraren aldaketa guztion arteko adostasun handienarekin egiteko oinarriak finkatu ditu».

Yoga, taichi eta umeentzako jolasak

Prozesuaren emaitzei dagokienez, Getxo Kirolak-en bazkideek estalitako padel eta tenis pista gehiago nahi dituzte. Oraingo belar naturaleko futbol zelaia udal estadio bihurtuko da, 6.000 eserleku gutxienez edukiko ditu eta udaleko talde nagusien futbol eta errugbi-partidak bertan egingo dira. Gobela ibai ondoan parke publikoa eraikiko da yoga, taichi, kalistenia, petanka eta umeen jolasetarako zonaldeekin.

Parkeko sarrera nagusia lehengo garagardotegia ordezkatuko duen erabilera anitzeko eraikinaren ondoan egongo da. Pilotalekuen eraikinaren egiturak erabat berrituko dira eta eraikinari erabilera berria emango zaio. Halaber, atletismo, belodromo, errugbi eta hockeyrako zona orokorra hobetuko da. Honetarako, harmailadun eraikina berriztuko da eta atletismoko entrenamenduak egiteko eraikin estali berria eraikiko da. Igerilekuen eraikinean dauden espazioen irisgarritasuna eta erosotasuna hobetuko dira eta kanpoko igerilekuetako berdeguneak eta piknik-guneak handituko dira. Hortaz aparte, Getxoko Udaletik gogorarazi dutenez, Bolueko futbol zelaietan aldagelak eta estalitako harmailak egingo dira. Hau guztia irisgarritasun eta segurtasun hobekuntzekin batera egingo da esku-hartze prozesuan zehar oso gogoan egon direlako.

Une garrantzitsuenak

Álvaro González Kirol zinegotziak azaldu duenaren arabera, «hilabete hauetan bildutako 1.900 ekarpenak 10 zonalde handitan banatu dira eta aldi desberdinetan berrituko ditugu. Lan batzuk presakoak dira eta ahalik eta arinen hastea da gure asmoa. Hurrengo erronka aldaketa arkitektoniko nagusien lehentasunak zehaztea eta kudeaketa hobekuntzarako proiektuen egutegia sortzea dira. Ideia hau herritarrak eta udaleko erakundeak elkarlanean aritu garen hilabeteotan sortu da».

Esku-hartze prozesua apiriletik iaz amaiera arte izan zen eta Fadurako instalazioak erabiltzen dituzten pertsonen profil anitzetara zuzendutako tailerrak egin ziren: Getxo Kirolak elkarteko bazkideak; kirol klub eta elkarteetako ordezkariak; bertoko ume eta gazteak; kirol arloko udal erakundeko langileak; Getxoko udaletxeko beste arlo batzuk; osasun, kirol eta ongizate arloetako adituak eta alderdi politikoen ordezkariak. Guztira 764 pertsonek parte hartu zuten aurrez aurreko saioetan. Honetaz gain, 618 pertsonek plataforma digitalaren bidez eta beste 317k kiroldegietan eta erdialdeko lekuetan banatu ziren paperezko galdetegien bidez.

Agiri guztiak emaitzekin, azken txostena eta aurreproiektuak eskura daude hemen. Era berean, #ThinkingFadura traolak sare sozialetan parte-hartze prozesu honen une garrantzitsuak ikustea ahalbidetzen du.

Temas

Euskera