https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Espero zuten» lotura aurkitu dute adimen emozional eta eskola errendimenduaren eta genero-estereotipoen artean

«Espero zuten» lotura aurkitu dute adimen emozional eta eskola errendimenduaren eta genero-estereotipoen artean
LUIS ÁNGEL GÓMEZ

Oihane Fernández Lasarte UPV/EHUko Psikor taldeko ikertzaileak ondorioztatu duenez, «alde nabarmena» dago mutilen eta nesken artean adimen emozionalari eta eskola-egoerari dagokionez: adimen emozional hobea dute mutilek, eta neskek eskola-errendimendu hobea

AMALIA IBARGUTXI

Aldatzen al dira adimen emozionala eta eskola-errendimendua sexuaren eta adinaren arabera? Eta aldagai horien guztien arteko loturarik ba al dago? Nerabe eta gazteei nola eragiten dizkiete aldagai horiek guztiak? Adimen emozionalaren eta eskola-errendimenduaren arteko harremana aztertu du Oihane Fernández Lasarte UPV/EHUko Psikor taldeko ikertzaileak, eta ondorioztatu duenez, «alde nabarmena» dago mutilen eta nesken artean adimen emozionalari eta eskola-egoerari dagokienez.

Neska eta mutilak banatuta burutu du ikerketa Fernándezek, eta adierazi du mutilek emaitza hobeak azaldu dituztela adimen emozionalean, eta neskek, berriz, eskola-errendimenduan. Halaber, egiaztatu dute eskola-egoera autokontzeptu horren eta adimen emozionalaren araberakoa dela neurri handi batean, eta horiek guztiak irakasleen, familiaren eta lagunen aldetik hautemandako babesaren mende daudela.

Ikerketaren nondik norakoak hobeto ulertzeko, ikerketak jorratzen dituen aldagaietan sakondu behar da. «Emozioak hautemateko, ulertzeko eta egokitzeko gaitasun gisa defini daiteke adimen emozionala, eta ikasleen eskola-errendimenduan kontuan hartu beharreko aldagai garrantzitsu bat da», adierazi du ikertzaileak. Gainera, «babes soziala hautematea eta nork bere burua ezagutzea ere eskola-arrakastarekin zerikusia duten aldagaiak direla», ere frogatu du.

Lortutako emaitzek erakutsi dute, «neskek emozioei jaramon handiagoa egiten badiete ere, mutilek argitasun eta erreparazio emozional hobea azaltzen dutela».

Genero-estereotipoen eragina

Bestalde, «neskek errendimendu akademiko altuagoa, irakasleekin zein gainerako ikasleekin eskolan integratzeko erraztasun handiagoa eta aukera akademiko handiagoak dituzte».

Ikertzailearen arabera, genero-estereotipoen eragina izan daitezke desberdintasunok, gizarteak eta hezkuntzak ezaugarri ezberdinak espero dituelako neskengandik eta mutilengandik.

Era berean, «espero zuten» lotura aurkitu dute aldagaien artean: zenbat eta babes handiagoa eskaini irakasleek, familiak eta lagunek, orduan eta handiagoa da ikasleen eskola-errendimendua; zenbat eta autokontzeptu hobea izan, orduan eta handiagoa da eskola-errendimendua; eta adimen emozionala handitzen den neurrian, eskola-errendimendua ere hobetzen da.

«Adimen emozionalak berak bakarrik ez du eraginik eskola-errendimenduan, nik hala uste banuen ere, autokontzeptuaren laguntza behar du. Adimen emozionala hobetzen bada eta aldi berean autokontzeptua hobetzea lortzen bada, kasu horretan, nabarmen hobetzen da eskola-errendimendua», adierazi du ikertzaileak.

Azkenik, ikertzaileak nabarmendu du irakasleek zeresan handia dutela ikasleen eskola-errendimendua baldintzatzen duten aldagaietan, eta familiak, aldagai psikologikoetan. Bigarren Hezkuntzako eta UPV/EHUko 1.894 ikaslek hartu dute parte ikerketan.

Temas

Upv, Euskera
 

Fotos

Vídeos