https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Espermatozoide aproposenen aukeraketaren bidez ugalketarako bide berria egin dute

Espermatozoide aproposenen aukeraketaren bidez ugalketarako bide berria egin dute
EFE

Espermatozoide injekzio intrazitoplasmatikoaren bitartez, egun lortzen den haurdunaldi tasa %20an hobe dezaketela uste dute

AMALIA IBARGUTXI

Kalkuluen arabera, mundu osoan 186 milioi pertsona inguruk ernalezintasun arazoak dituzte. Gainera, semen parametro normalak dituzten lagunen artean ere bada ernalarazteko zailtasunik duenik. Horrek, ikerketa zientifikoko ateak zabaldu ditu, eta EHUko Fisiologia irakasle Nerea Subiranek zuzendu duen ikerketak giza espermatozoideen hautaketa egiteko metodoak hobetzea lortu du, horrela ENBrioen kalitatea ere areagotuz. Molekulen biomarkadore batean oinarrituta, giza espermatozoideak aukeratzeko kit bat da garatu duen ikerketaren ondorioa, hartara, prozedura azkar, merke eta sinple bat eskainiz. Ugalkortasunerako edozein klinikan ezar daiteke.

Espermatozoideen hautaketa hobetzen duen estrategiari Sperm Select izena jarri diote, eta Toribio Echevarria-Ekintzailetza Berritzailearen Euskadi Saria irabazi du. «EspermatozoideEtako biomarkatzaileen presentzian oinarritutako sistema bat» garatzea zen asmoa duela urtebete, proiektuarekin hasitakoan. Aldi berean, erabilerraza eta azkarra den hautaketa-kit bat merkaturatu nahi zuten, laguntza bidezko ugalketako kliniketan erabil zitekeena. Esana eta egina. Aurten, 27 hautagai izan dira sariotan. 17 'Ideia eta proiektuak' kategorian, eta 10 'Enpresa berria' kategorian. Proiektu guztiek bere jarduera industriaren, jasangarritasunaren, fabrikazio aurreratuaren, osasunaren eta IKTen sektoreetan garatzen dira.

Ikerketa taldearen kalkuluen arabera, espermatozoide injekzio intrazitoplasmatikoaren bitartez egun lortzen den haurdunaldi tasA, %20an hobe daiteke sistema berri honi esker.

«Adin batera iritsita, egun, denek daukagu laguntza bidezko ugalketako tratamendu bat jarraitu ahal izateko, ugalketa klinika batengana joan behar izan duen ahaide edo lagunen bat», azaldu zuen duela urtebete Subiranek, ikerketa finantzatzeko programa batean onartu zutenean. Bere iritziz, «ernalezintasuna benetako arazo bat da egungo gizartetan eta gure berrikuntzak, ondorioz, onura ukaezina dakar gizarterako eta, zehazki, beren ugalketa bizitzan zehar ernalezintasun arazoren bat izan duten bikote guztientzat».

Sperm Select proiektua aspaldi sortu zen, duela hamar urte inguru. Espermatozoideen ahalmen ugalkorrean inplikaturiko mekanismo molekularrak ezagutzeko xedearekin egindako lanen emaitza da, ernalezintasun kasu askoren jatorria ulertu baitezakegu.

«Mekanismo horiek hobeto ezagutuz gero, ernalezintasuna tratatzeko itu eta estrategia terapeutiko berriak garatzeko aukera izateaz gain, laguntza bidezko ugalketako tratamenduak hobetu ditzakegu ere; eta hor kokatzen da gure berrikuntza», nabarmendu zuen ikertzaileak.

Subiranez gain, ikerketa taldea osatzen dute Nerea Subirá Ciudadek, Jon Irazusta Astiazaranek, Luis Casis Sáenzek, Marta Gianzo Citoresek, Yosu Francok, Itziar Urizar Arenazak, Iraia Muñoa Hoyosek eta Maria Velascok.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos