https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Esperientzia eta publiko berrietara zabaltzeko zikloa antolatu dute BBK aretoan

Sarah McKenzie pianista australiarra./
Sarah McKenzie pianista australiarra.

'Emakumeok!' zikloa Sarah McKenzie australiarrak hasiko du urtarrilaren 25ean, eta ondoren, Jacquie McShee otsailaren 8an ariko da, Rosana otsailaren 22an eta Luz Casal martxoaren 15ean. Lizz Wright estatubatuarrak bukatuko du zikloa, hilaren 23an

AMALIA IBARGUTXI

Indartsu dator asteburua Bilboko BBK Aretora: 'Emakumeok!' zikloaren lehen edizioa egingo dute, emakumezko kantari eta musikarien asteburuetako jaialdia. «Aretoa sendotu, ikus-entzuleak fidelizatu eta arte esperientzia berri eta publiko berrietara irekitzeko» helburuekin sortu dute ekimena. Sarah McKenzie australiarrak hasiko du ostiral honetan, eta ondoren, Jacquie McSheek jardungo du otsailaren 8an. Rosanak kontzertua otsailaren 22an egingo du eta Luz Casal martxoaren 15ean arituko da. Lizz Wright estatubatuarrak bukatuko du zikloa, martxoaren 23an.

Areto bilbotarreko arduradunek jakinarazi dute kontzertu guztiak arratsaldeko 20:00etan hasiko direla. Prezioak 25 eta 30 euro artekoak dira, eta 112 euroko bonu bat erosteko aukera izango da bost kontzertuetara joateko.

Horrela, BBK-k «beste etapa bat» hasi du, arduradunek egitarauaren aurkezpenean iragarri dutenez. Asmoa da 'Emakumeok!' zikloa etorkizunean egonkorra izatea, antzeko eskemarekin, hau da, bost kontzertu lehenengo hiruhilekoan, «hainbat estilo eta formatutan kalitatezko musika sustatzeko balio dezaten», eta, aldi berean, «kontzientziak esnarazi eta gizon eta emakumeen artean aukera berdintasuna sustatuz».

Rock, folk eta jazz arteko mestizajea

Zikloari hasiera emango dion Sarah MacKenzie australiarra, jazz disko onenari eta ahotsezko jazz disko onenari Australian ematen zaion Aria saria irabazitakoa da, eta bere musikari «oso harrera beroa» egin diote mundu osoko entzuleek eta kritikak.

Jacquie McShee abeslari britainiarrak eskainiko du zikloko bigarren saioa, azken 50 urteotan nazioarteko folk-rockean «erreferentziazko ahotsetako bat» izan dena, azaldu dutenez. 1960ko hamarkadan Pentagle taldea sortu zuen, «rock, folk, blues eta jazz arteko mestizajearen sorreran ezinbestekoa».

Izen ezagunenen artean daude Rosana eta Luz Casal, seguru asko, baina ikuskizun bereziak izango dira, aurreratu dutenez. Rosana kanariarra bere bira berrian, ikus-entzuleek beraiek izango dute kontzertuko errepertorioa aukeratzeko ardura. Luz Casal galiziarrak kontzertu akustikoa emango du martxoaren 15ean, Dalida-ren omenez. Frantzia, Italia eta Egiptoko kantu munduko abeslari ospetsua izan zen Dalida, eta duela 30 urte hil zen.

Zikloa amaitzeko, Lizz Wright estatubatuarra izango da BBK aretoan. Gospel, jazz, folk, pop eta bluesa uztartzen ditu.

Temas

Euskera