https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Espazioko lehendabiziko hotela zabaltzeko egitasmoa jarri dute abian

Espazioko lehendabiziko hotela zabaltzeko egitasmoa jarri dute abian

Egun Gateway fundazioa amets hau errealitate egingo duen Von Braun Space Station deiturikoa garatzen dihardu

UNAI SARRIUGARTE

Espazioko lehendabiziko hotela zabaltzeko egitasmoa jarri dute abian. Azpiegitura hau 2025. urtean zabalik egotea estimatzen dute proiektuaren arduradunek. Egun arte unibertsoaren handitasuna ikusteko aukera izan dutenak gutxi batzuk izan dira. Gehienok hiri edo landa guneetatik behatu behar izaten dugu espazioa, izarretan dauden munduak irudikatzera mugatuz.

Gateway fundazioak iragarri duenez egun gizarteak izan dezakeen esperientziarik desiratuenetakoa espaziora bidaiatzea da. Hori dela bide, fundazio honek Von Braun Space Station proiektua garatzen dihardu. Hauxe estazio birakaria izango da eta espazioko hotel baten gisa funtzionatuko du.

Proiektu hauxe NASAko zientzialari zen Wernher von Braunen ideia izan zen. Zientzialari alemaniar honen ideiak egun batzuk pasatzeko erosoa den lehenengo portu espaziala egitea du xede. 300 pertsona ingururentzako edukiera izango du eta eraztun baten forma duen bi azpiegituraz osatua egongo da. Forma honen bitartez bertan ilargiaren antzeko grabitazio artifiziala eskuratzea bilatuko dute.

Eraikin honek nazioarteko hotel batek eskaini ditzakeen erosotasun guztiak eskainiko dizkie bezeroei. Izan ere, gimnasioa, zinema eta jatetxe bat izango ditu. Honetaz gain, ikerketa zientifikorako eta formakuntza ezberdinetarako esparruak ahalbidetuko dituzte bertan.

Esparru hauek guztiak kanpokaldeko eraztunean egongo dira kokatuta. Barrukaldeko eraztuna, berriz, bidaiari ezberdinak garraiatu eta espazio-ontziak aparkatzeko erabiliko dituzte.

Wernher Magnus Maximilian Freiherr von Braun ingeniaria Alemania eta Estatu Batuetako aeronautika teknologiako pertsonaia garrantzitsuenen artean kokatzen da. Bigarren Mundu Gerran nazientzat suziriak diseinatzen lanean aritu zen. Ondoren, 1955an NASAn sartzeko asmoz estatubatuar herritartasuna bereganatu zuen. XX. mendeko suziri diseinatzaile nabarmenen artean dago, V2 suziria eta gizakia ilargira eraman zuten Saturno V suziria diseinatu zituen.