Borrar
Espainiako eszena sarietako uzta biltzeko sasoia gertu
Territorios

Espainiako eszena sarietako uzta biltzeko sasoia gertu

Karlos del Olmo

Sábado, 10 de mayo 2025, 01:00

Jokoa ez da errenta, ez eta kinielak edo iragarpenak egitea ere. Hortaz, utz ditzagun eginkizun horiek lagunarteko solasaldietarako edo apustu etxeetarako, eta demagun testuinguru apur bat, sariok zertan diren eta zertan dautzan hobeto ulertzeko. Azken buruan, bi sariketa izango dira datozen egonotan, eta biotan agertzen dira Euskal Herriko lanak edo sortzaileak. Kinielak eta iragarpenak zokondo utzita, dena dela, izen bat agertzen da bi hautagaitzatan nabarmen, ikusiko dugunez: Aitziber Garmendia antzezlearena. Eta, harrigarri badirudi ere, bi antzezlan zeharo ezberdinak direla bitarte (bat, Euskal Herrian idatzia; bestea, euskarara itzulitako eleberri baten antzerki egokitzapena). Oso esanguratsua artistaren ibilbidean, zalantza barik, saria bera, atzenean, eskuratzea gorabehera.

Talia sariak

Aurtengoa hirugarren aldia dute, eta 2025-05-12an banatzekoak dira, gala batean, Madrilgo Fernán Gómez antzokian. Espainiako Arte Eszenikoen Akademiak ematen ditu, eta izendapen prozesuari ekiteko, Akademiako Zuzendaritza Batzordeak lantalde bana izendatzen du sari kategoria arruntetan (sari bereziak bestelako kontua dira). Lantalde bakoitzak hiru hautagai izendatuko ditu, eta taldekideak arte eszenikoen sektoreko akademikoak eta adituak izango dira, Akademia osatzen duten espezialitateei hautagaiak eskatu ostean.

Lantalde horiek sortzeko, honako alderdi hauek hartzen dituzte kontuan: kideak Espainiako hainbat lurraldetako profesionalak izatea, eta arte eszenikoen diziplinei buruzko esperientzia eta ezagutza egiaztatua izatea.

Zeozergatik, lantalde bateko kideren batek ikusi ezin izan duen ikuskizunen bat egonez gero, sarrerak jasoko ditu edo obraren bideo oso bat, ikusi ahal izateko. Helburua lantaldeetako kide guztiek izendapenetarako proposaturiko ekoizpenak ikustea da.

Lantaldeak diziplinen arabera antolatzen dira (testu antzerkia, antzerki musikala, zirkua, lirika, ikasketak eta dibulgazioa eta dantza), eta koordinatzaile bat dute, berba bai baina botorik ez duena. Zuzendaritza Batzordeko kidea izango da, eta sarien araudia behar legez betetzen dutela jagongo du.

Kide bakoitzak eginiko proposamenen gainean eztabaidatutakoan, espezialitateari dagokion kategoria bakoitzerako hautagai hirukote bat lortuko du taldeak. Era berean, lantaldeetako kide bakoitzak zeharkako kategorietan proposamen bana egin dezake (eszena zuzendaritza onena, argiztapen onena, eszenografia onena, jantzi onenak, jatorrizko musika onena, ekoizpen lan onena eta konpainia lan onena).

Izendapenak jendaurrean irakurtzen diren egunean amaitzen da prozesua, eta egun horretan lantalde guztien osaera ere aditzera ematen dute. 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitartean Espainian estreinatutako ikuskizunak edo ikuskizun partaidetzak dira, eta, gutxienez, hamabost emanaldi eginda izan beharko dituzte 2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko otsailaren 16ra bitartean.

Hara hor euskal eszena arteekin zerikusi zuzenekoa duten izangaiak:

Aitziber Garmendia: Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? antzezlanean jokatzen duen lanagatik izendatu dute. Antzeztearekin zerikusia duten hainbat lanetan parte hartua da, agertokian nahiz kamera aurrean, euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta euskal ikusleen artean ezagun-ezaguna da. Antzezlan honetan, umorearen bitartez, bizitzaren alderdi garratza ere ederto batean haragitzen du. Hau da, generoa ohikoagoa duenez, eroso-eroso dihardu, euskal ikusleek hain ondo ezagutzen duten modura.

Mireia Gabilondo: Berak idatzi du-eta Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? antzezlana, gezurrez eta korapiloz betetako komedia tragiko halako bat: gaixotasun mentalak, bakardadea, min metafisikoa, suizidioa, adimen artifizialarekiko harremana... Gai muntadunak, barrearen bitartez ikusleen bihotz txokoan nahiz gogoan josita uzteko amoz.

Telmo Irureta: Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? antzezlanean agertzen da bera ere, nahiz eta izendatuta dagoen Talia 2025 sari berezirako, aldaketa sozialagatik eta arte eszenikoetako inklusioa saritzeko ONCEk babesturikorako.

Martxel Rodriguez eta Jon Lopez: Halley dantzaldiko koreografiagatik daude izendatuta Nafarroako Lesaka herrian egoitza duen dantza Led Silhouette konpainiako Martxel Rodriguez lesakarra eta Jon Lopez madrildarra. Haien proiektuek hainbat jende talderen parte hartzea eta ahalduntzea sustatzea dute helburu, komunitateen eta pertsonen arteko sare bat sortzeko asmoz.

Bestalde, berez, 2024ko euskal eszena arteetan eragin txikiagoa izan arren, ezin ahaztuzko beste hiru hautagai ezin aipatzeke utzi:

Naiara Beistegui: Anna Bolena operan egindako beharragatik izendatu dute jantzi diseinatzaile bilbotarra. Lanbide ibilbide luzekoa eszena arteen espezialitate horretan, hainbat opera konpainiatan.

Javier Hernandez-Simón: Los lunes al sol antzezlana zuzentzeagatik. Ibilbide luzea egin du antzezle, zuzendari eta irakasle.

Helena Pimenta: Ohiz kanpoko saria. Ibilbide oparo bat bereziki nabarmentzeko saria.

Max sariak

2025-06-16an, Iruñeko Gaiarre antzokian izango den gala batean banatuko ditu SGAE elkarteak.

Hautagaiak izendatzeko modua ez da Talia sarietarakoaren berdina. Edozelan ere, 2023ko abenduaren 16tik 2024ko abenduaren 15era bitartean estreinatutako, berriz estreinatutako edo biran dauden lanak edo ikuskizunak izan beharko dute. Antzerki ikuskizunen, kalekoen edo haurrentzako, gazteentzako nahiz familientzako ikuskizunen kasuan, gutxienez hamabost emanaldi egin beharko dituzte. Horietatik, gutxienez zortzi adierazitako aldian gauzatzekoak dira, eta zazpi programatuta egon daitezke 2024ko abenduaren 16tik 2025eko ekainaren 30era, bai lurralde nazionalean, bai nazioartean. Konpainia profesionalek egindako obrak edo ikuskizunak besterik ez dira kontuan izaten.

Max sarietan parte hartzeko, izena eman beharra dute hautagai izan gurako ikuskizun dramatiko, musikal eta dantza ikuskizunek. Bestalde, SGAEk berak beste baldintza estu samar batzuk ezartzen ditu: likidazioak eta egile eskubideak elkartearen bitartez kitatu izana; egileak, konpositoreak, bertsiogileak eta abar elkarte horretako kide izatea (zenbait sari motatan); SGAEk administratzen dituen lanbideetako hautagai guztiek, sariak jaso gura izanez gero, elkartekide izan beharra…

Aurtengo euskal hautagaiak:

Tanttaka Teatroa: ikuskizunik onenaren saria, Esnearen kolorekoa antzezlanagatik. 40 urteko ibilbidean metatutako jakinduria eta ofizioa direla bitarte, Nell Leyshonen eleberri bat egokitu du taldeak, eszenatoki gainean antzerki baliabideekin erakusteko. Esanguraz beteriko istorio bat, eszena espazio indartsu batean: aulki zuriak eta argi joko aipagarri bat, eduki estetiko gogoangarri bat lortzeko. Zuzendaritza eta eszenografia: Fernando Bernues. Zuzendari laguntzailea: Dorleta Urretabizkaia. Antzezleak: Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Olivares, Jose Ramon Soroiz. Argi diseinua: David Bernues. Jantziak: Ikerne Gimenez.

Aitziber Garmendia: emakume antzezlerik onena, Talia sarietan legez. Honako honetan, ordea, Esnearen kolorekoa lanagatik izendatu dute. Ez da harritzekoa hautagaitza, antzezlea ez delako agertokitik inoiz ere aldetzen, eta bakarkako lana izan ez arren, protagonismo nabarmena hartzen duelako. Lanaren iraupena gorabehera, oreka ederra erakusten du banako pasarte luzeagoen nahiz beste antzezleekiko berba trukeetan. Komedia usaineko edo tonuko lanetan agertzen ohituago egon arren, eroso daroa genero eta klase gatazkaren arantzak erakusten dituen lan dramatiko hau, protagonistaren bizimodu gaitza haragituta.

Kukai Dantza eta Euskorleans Banda: kale ikuskizunik onena, Euskorleans lanagatik, Kukai Dantzak eta Euskorleans Bandak bat eginik kale ikuskizun ibiltari bat antolatu dute. Euskal doinu eta dantza ezagunak jaso, New Orleans giroko dixie band baten jotzeko moduetara egokitu eta dantza nahiz musika kalerik kale erakusteko moldatu dituzte.

Marie de Jongh: haur, gazte edo familia ikuskizunik onena, Mr. Bo lanagatik. Maskara antzerkia eta komedia uztartzen ditu. Familia osoarentzako ikuskizuna, berbarik bakoa, 3-4 urtetik gorakoentzat haur txikerrentzat ere egokia. Clownen eta beste teknika batzuk erabilita (naifa, adibidez), umoretik, boterearen miseriak eta argi-ilunak aurkezten ditu keriak azalarazteko jardunean.

Ikerne Gimenez eta Inma Gomez: jantzi diseinurik onena, Mr. Bo ikuskizunagatik. Taldeak lortu gura duen giro naifa lortzeko, jantziak ezinbesteko tresna dira, kideek haien webgunean diotenez, errealitatea, gurata, irudikatzen dutelako halako tolesgabetasun batez, umeentzako gauzak diseinatzean erabiltzen den (ekanduko) modu estetikoan, poesia eta sinpletasuna tresnatzat. Bestalde, Tanttakaren Esnearen kolorekoa laneko jantziez ere arduratu da Ikerne.

Esamolde bibliko bat parafraseatuta, eta euskal antzerkia bizitzen dabilen urte latz honetan, gogoan izan dezagun haien zoria, partez, euskal antzerkiarena ere badela: «Gaur zuri, bihar guri?». Izan bedi onerako!

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Espainiako eszena sarietako uzta biltzeko sasoia gertu