https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Eskozian erakusteko programa kultural eta artistikoa prestatu du Etxeparek

Eskozian erakusteko programa kultural eta artistikoa prestatu du Etxeparek
IREKIA

Sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz, 20tik gora kultur jarduera, foro eta topaketaz osaturiko eskaintza bildu dute «euskal kulturaren aniztasuna eta aberastasuna» ezagutzera emateko urte osoan zehar

AMALIA IBARGUTXI

Eskoziarekin harremanak estutzeko xedearekin, programa kultural eta artistikoa prestatu du Etxepare Institutuak. Urte osoan zehar, Eskoziako kultur-jaialdietan, euskal produkzio kulturala izango da ikusgai. Kontzertu eta zuzeneko jardueretatik sorkuntza literariora, «euskal sorkuntza garaikidea ezagutzera emango dute kultura, arteak eta hizkuntza baliatuta».

Literatura, arte eszenikoak, musika eta zinema jorratuko ditu, besteak beste, #ScotlandGoesBasque egitasmoak. Diziplina anitzeko programa honek euskal artista eta sortzaile garrantzitsuenetako batzuk aurkeztuko ditu Eskozian urtarriletik urrira bitarte.

Guztira, 100 artista inguruk beren talentua eta sormena erakutsiko dute Eskoziako jaialdi garrantzitsuenetako batzuetan, hala nola, Celtic Connections (Glasgow), Edinburgh International Book Festival, Edinburgh International Film Festival eta Fringe–Dance Base delakoan (Edinburgo). Halaber, euskara eta euskal kulturarekin loturiko eduki akademikoa landuko da Edinburgo, Glasgow eta Skye-ko unibertsitateetan.

Etxeparek espero du programatutako kultur jarduerek, batetik, euskal kultura hobeto ezagutu dadin laguntzea, eta bestetik, elkarrizketa berriak sortzen, elkartrukeak areagotzen, eta sinergiak eta lankidetzak eragiten laguntzea. Durangoko Azoka, Literaktum, Gutun Zuria, Atlantikaldia eta Dantzagunearekin hasi dute trukea, azaldu dutenez.

Euskal sortzaileentzat lehenengo hitzordua, urtarrilaren 17tik otsailaren 3ra Glasgowen egingo den Celtic Connections jaialdia izango da. Bertan izango dira Kalakan, Huntza, Oreka Tx eta Korrontzi. Tosta Bandak ere kontzertu bat emango du. Igor Otxoa eta Mixel Ducauren proiektua da, eta hizkuntza minorizatuak balioan jartzea du helburu. Irlanda, Eskozia, Gales, Kornualles, Frisia, Galizia eta Euskal Herriko musikariak daude kideen artean.

Jaialdi horretan, baita ere, Eskoziako kultur eragileekin topaketa profesionala egingo dute, Euskal Herriko musika industriako hamar bat profesional, elkarte sektorialetako ordezkariak eta musikaren alorrean lan egiten duten sektore publikoko hainbat profesionalekin.

Gainera, munduko musiken generoaren baitan kokatu daitezkeen euskal artisten katalogoa argitaratu dute, jaialdira bertaratuko direnek jasoko dutena. Horrekin batera CD bilduma bat ere prestatu dute bertan banatzeko 'Songlines' herri-musiken aldizkariarekin.

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak aurkeztu duen egitasmo honek Eusko Jaurlaritzaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundien laguntza du.

 

Fotos

Vídeos