https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Eskorbuto hormara

Eskorbuto taldeari mosaiko bat ezarri diote Santurtzin./PEDRO URRESTI
Eskorbuto taldeari mosaiko bat ezarri diote Santurtzin. / PEDRO URRESTI
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Jualma, Josu, Pako: Hor daude hirurak paretan, gorri eta beltzez egindako mosaiko eder horretan. Momentuz ez dago ikusgai, argazkiz jositako oihal batekin estalita baitago. Baina denok dakigu nolakoa den ezkutuan dagoena. Haren ezkerrean aspalditik dagoen Josuri eskainitako monumentua ez bezala, Jon Maoren lana denon gustukoa dela dirudi.

Gaur jende mordo bat elkartu da hemen. Bildutakoen itxurak, entzuten den musika eta zirimiria badirudi ados jarri direla laurogeietako kutsua bertara dadin. Oholtza txiki baten gainean, Santurtziko alkate Aintzane Urkijo: «Oso pozik gaude hemen sortutako ekimen hau babesteagatik»; artelanaren egile Jon Maok: «Ete mural es para todos vosotros»; Javi Negro Demenciales Chicos Acelerados elkartekoak: «Nos gustaría que esto fuera un museo al aire libre» eta Subversión X taldeko Jabi Arroyok: «Unos tíos de puta madre porque hacían buena música y gente de la puta calle». Cava botila bat astindu ondoren, inguruan dauden guztiak bustitzen ditu Arroyok eta oihala desestaltzen da behingoz. 'Ratas en Bizkaia' abestiaren notak hasten dira entzuten bafleetan eta bertan gauden guztiok pozaren pozez kantatzeari ekiten diogu.

Eta hor daude jada horman ikusgai: Jualma, Josu, Pako. Hirugarren hau, bizirik dirauen bakarra, hor bertan ikusten dut: «De puta madre, estas cosas no suelen pasar en vida». Bateria-joleaz gain, bildutakoen artean hor daude, baita ere, Pedro Rivero eta Aitor Gutierrez, Demasiados Enemigos izeneko pelikulan dihardutenak, Iñigo Cobo Generación Anti-Todo dokumentalaren zuzendaria -egun hauetan Madril eta Bartzelonan aurkeztuko dena-, Josuren iloba -eta Athleticeko jokalari ohia- Unai Exposito, kazetariak, konpartseroak, auzokideak eta penintsula osotik etorritako jarraitzaile sutsuak.

Pakok eta bere laguntzaileek minutu batzuetan hasiko den jaialdian jotzeko asmoa daukate. Azkenak izango dira, beste hamaika taldek jo ostean. Agertoki txikia, gaur, hustu den aparkaleku batean kokatua dago. Aukeratutako inguruneak ere laurogeiko hamarkadako kontzertuetara bidaltzen nau zuzen-zuzenean.

Atertzen duenean kontzertuak hasten dira. Emanaldi laburrak bertsioekin osatuta. Jendarteak kanta guztiak dakizki. Jaialdi korala gaurkoa. Modu honetan, aspaldian entzuten ez nituen bertsoekin topo egiten dut berriro: «Feliz el día de tu nacimiento, Feliz el día de tu bautizo, Feliz el día en que comiences tus estudios, Feliz el día que cumplas tu primera comunión. Feliz el día que acabes tus estudios, Feliz el día que encuentres tu primer trabajo, Pégate un tiro en la sien o tírate debajo del tren...»

Saihestezina, oroimenak burura datozkit. Josu eta biok ohiko tabernaren ertzean. Bera paper zati bat eskuetan zuela, horrelako hitzak errezitatzen. Amildegiaren puntan egindako gogoetak. Munduari zaplazteko bat bidaltzeko asmoz.

Kanta eta topaketen artean arratsaldea ziztu bizian pasa da. Heldu da nire txanda. Gaurko ekitaldirako bakarrik antolatu den Antidoto taldearekin 'Dena Ongi Dabil' kanta abestuko dut. Josuk oparitu zigun kanta. Gaur berak egindako jatorrizko bertsoak berreskuratuko ditugu: «Aquí yo crecí, Aquí me crié, Aquí me engañaron, Como a ti allí» Itzultzeko bidean berriro mosaikoaren albotik pasatzen naiz, orain bakartia eta iluna. Jualma, Josu, Pako. Zuek bai, auzoko superheroiak.