https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Eskolaren izaera

Eskolaren izaera

Eskolak erritu moduan ulertuta zer nolako ezaugarriak dituen eta zein bilakaera izan duen azaltzen du Mitxelko Urangak Eoskola lanean

JAVIER ROJO

Mitxelko Urangak gaur eguneko eskolan zer geratzen den azaldu nahi du izenburutzat Eoskola hitza duen saiakera liburu honetan. Azpitituluak pixka bat gehiago argitzen du zertaz ari den: «Heziketa hipermodernoa». Planteamenduaren hasiera ikusgarria da oso, eskolak erritu moduan ulertuta zer nolako ezaugarriak dituen eta zein bilakaera izan duen azaltzen du-eta.

Hasierako planteamendu honen ondoren, gaur eguneko heziketaren inguruan aritzen da. Egilearen ikuspuntua guztiz ezkorra da. Gaur eguneko eskola (berrikuntzak berrikuntza, edo azaleko aldaketak alde batera utzita) kapitalismoaren logikak agintzen duenaren arabera antolatuta dago, moldakorrak eta esanekoak izango diren langileak ekoiztea helburu duelarik. Eta horretan ere eskola ez da oso trebea, helburu hori ez baitu behar bezala betetzen.

Ardatz honen inguruan idazleak ume eta gazteekin zer gertatzen den ere azaltzen du, hedonismoan eta berehalako plazerean hazitako belaunaldiak diren aldetik. Eta oinarri teoriko moduan, egile asko aipatzen badira ere, Zygmunt Baumanen ideiak agertzen dira. Liburu hau, dena dela, ez da ikerketa lana, ezta saiakera, genero honek eskaintzen duen ohiko zentzuan.

Askotan ematen du etorri ahala idatzitako ideia bildumaren aurrean gaudela. Gaiak gaia ekarriko balu bezala lotzen dira ideiak eta behin baino gehiagotan kontraesanak ageri dira. Idazlea, edonola ere, jakinaren gainean dago hori gertatzen dela eta planteatzen diren kontraesan horiei irtenbide ematen saiatzen da, kontraesanak paradoxa bihurtuta.

Eoskola-ren fitxa

Egilea:
Mitxelko Uranga SaiakeraArgitaletxea: Pamiela. Iruñea, 2017 126 orr. 12,00 euro

Eskolaren oinarria eta bilakaera ikusi eta ia panfleto baten moduan gaur eguneko hezkuntza kritikatu ondoren, azken atalean etorkizunari begira dauden proposamenak egiten ditu. Sistema gaizki dago, oso gaizki, hori da egilearen diagnostikoa. Baina osatzeko proposatzen dituen gutxieneko osagaiak gaur egun (hemen eta orain) ezinezkoak begitantzen zaizkit, egoeraren baldintza objektiboek (bakoitzak bere klasikoak dauzka) proposatutako aldaketak eragozten baitituzte.

Edonola ere, proposamen gehienak utopiaren esparrukoak iruditu arren, zenbait puntutan egindako hausnarketa baliagarria ez ezik, ezinbestekoa ere bada.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos