Eskolagabeko emakumeak
Txikitan, ni bizi nintzen lekuan, pentsatzen zen emakumeok ere irakurtzen eta idazten jakin behar genuela. Soto berean ez ziren irakurtzen ez zekiten emakumeak falta, baina guztiak adinean sartuak. Eta emakumeen eskolagabetasunaren arrazoia galdetzen zenuenean esaten zizuten hori aspaldiko kontua zela.
Nire inguruko neska guztiak joaten ziren eskolara, salbuespenik gabe, gutxienez hamabi hamahiru urte bete arte. Sasoi hartan, gainera, irakurri eta idaztea ez zen aski. Oinarri horri beste gai batzuk batu zitzaizkion ordurako: kontuak egiten jakin behar zenuen, gutxienez batuketak eta kenketak eta eliza katolikoaren dotrina. Hori zen gutxiena eta hortik aurrerakoa apaingarri izan zitekeen, baina ez benetan beharrezkoa.
Beharrezkoagoa zen josten ikastea eta nire kasuan, eskola hasi eta 14 urte bete arte, arratsaldeak horretan ematen genituen, hasi eta buka, josten, brodatzen, pasaratzen, ehoziriak korapilatzen eta gaur egun izena galdu duten antzeko zereginetan. Hori bai, horretan jarduten genuen bitartean, gutako batek liburu bat irakurtzen zuen, goraki, beti ere mojek aukeratutako zerbait.
Zorionez, gure etxean ez zegoen eskolagabekorik, ez gizon ez emakume, eta gurasoek pentsatzen zuten irakurri, idatzi eta kontuak egitea ez zela aski guretzat, XX. mendearen erdialdeko neska batek ofizio bat ikasi behar zuela, derrigorrez. Noski, hori guztia erdara hutsean, euskara etxekoa eta ez beste inongoa zelako.
Badakit aspaldiko kontuak direla horiek, baina nondik gatozen jakin gabe ezin antzeman honaino egin dugun bidea. Agian hamarraldi gutxitan bide luzea egin dugula ahaztu zaigulako pentsa dezakegu geldirik gaudela, are gehiago, hainbat kontutan atzera egiten ari garela.
Eta bai, gizon eta emakumeon arteko eskubide berdintasuna urruti dago, zerumuga baino haratago, ez hainbeste hitzetan, baina bai errealitatean eta oraindik ere begien bistan dagoena aldarrikatu beharrean gaude.