https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Eskola segregazioa murrizteko: harrera eta hizkuntza planak, eta beka sistema propio bat

Aurreko asteko prentsaurrekoa./Ikastolen Elkartea
Aurreko asteko prentsaurrekoa. / Ikastolen Elkartea

Ikastolen Elkarteak aurkeztu zuen aurreko astean atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzea modu orekatuagoan egiteko proposamena. Politika espezifikoak egiteko beharra adierazi dute «herri kohesionatuagoak» eraikitzeko

AMALIA IBARGUTXI

Hezkuntza euskaldunak badu lantzeko esparru bereziki zail bat: atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzea modu orekatuagoan egitea, segregazioa ekiditeko. Ikastolen Elkartea duela lau hilabete hasi zen ikasle horien egoeraren inguruan hausnartzeko bilerak antolatzen eragile ezberdinekin, hala nola alderdi, sindikatu, udaletxe eta Eusko Legebiltzar zein Hezkuntza Sailarekin. Uste dute hezkuntza eragile guztiek irtenbide integralak adostu behar dituztela segregazioaren arazoari aurre egiteko.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzearen gaineko diagnostikoa eta gaiari heltzeko neurri berriak aurkeztu zituenean, atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzearen inguruko proposamena eta konpromisoak aurkeztu zituen, baita ere, Ikastolen Elkarteak. Ordutik hona egindako lehenengo balantzea plazaratu dute oraingoan.

Azaroan bildutako datuen arabera, 4.500 ikasle inguru bideratu dituzte Eskolatze Batzordeek Euskadiko eskoletara. Lurraldeka, Bizkaian eta Gipuzkoan, ikasle horien %36 eta %32 inguru igorri dituzten bitartean itunpeko sarera, Araban %10 inguru hartu dituzte. Desoreka hori ikusita, politika espezifikoak egiteko beharra adierazi dute, banaketa orekatu eta «herri kohesionatuagoak» eraikitze aldera.

Araban, gainera, Eskolatze Batzordeek ikasleen %91 sare publikora bideratu dituzte, eta horietatik gehienak oso ikastetxe gutxi batzuetara. Eskolatze Batzordeek irizpideak aldatzeko beharra azpimarratu dute.

Jaurlaritzak Berme Batzorde bat osatzea aurreikusi du, eta espero dute bere asmoa izango dela hezkuntza eragile guztien parte hartzearekin, zenbait herri edo eskualdetan ikasleen banaketan gerta daitezkeen desorekak konpontzeko aukera izango dutela.

Erronka: ikaslerik ez galtzea

Itunpeko eskolek erronkatzat dituzte, alde batetik, ikastoletara heldu diren eta heltzen ari diren atzerriko jatorria duten ikasleei erantzun egokia ematea, eta bestetik, haiek hurrengo ikasturteetan ere ikastoletan geratzea. Horretarako, bi lanketa egiten ari dira: lehena harrera eta hizkuntza planak garatzea da; bigarrena, beka sistema propio bat eratzea.

Duela urte batzuk garatutako harrera planak gaurkotzeko lanetan ari dira, epez kanpo matrikulatzen diren ikasleen gelaratzeko prozesuak bermatzeko. Harrera Plan Integralak bost ardatz ditu: Ikaslearen hasierako harrera, aurre-ebaluazio integrala, kokapena eta hizkuntza trataera, familiarekin harremanak eta, bukatzeko, eskolatze prozesuaren ebaluazioa. Kezka berezia dute hizkuntzen trataerarekin; «badaude Madrilen eta Katalunian esperientzia batzuk, 'aulas de enlace' deiturikoak) sakon aztertzen ari garenak eta aktore guztien inplikazioa beharko dituenak», azaldu dute.

Gainera, ikasle guztiekin inklusibitatea lantzeko unitate didaktiko bat egiten ari dira, horrekin aniztasuna lantzeko.

Beka proiektua

Behar ekonomiko berezia duten ikasle guztientzako beka proiektu bat garatzen ari dira. Izan ere, ikastola gehienek dituzte euren beka sistemak, baina uste dute beharrezkoa dela «talde koherentzia ematea sistema horiei guztiei, eta zenbait kasutan garai berriotara egokitzea, premia duten familientzako ezagunago egitea, arinagoak, eskuragarriagoak… hori bai, betiko izpirituari eutsiz, hau da, kuotak ordaintzerik ez duten familiek ikastoletan jarraituko dute gainerakoen elkartasunari esker».

Halaber, auzian udalek duten pisua ere nabarmendu dute. Zenbait udaletako harrera planak aztertu dituzte, Bermeokoa bereziki, eta ondorioztatu dute herrietatik, batez ere herri txiki eta ertainetatik, ikasle horien «harrera integral eta orekaturako ekimen eredugarriak» atera daitezkeela. Inplikaziora dei egin diete.

Eskatu dute, hezkuntza eragileen eta erakundeetako ordezkarien konpromisoaz gain, baliabide ekonomiko handiagoetarako eskubidea, proposatutako neurri guztiak aurrera atera ahal izateko.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos