Escape room bat Mundakan, planeta nola hobetu pentsatzeko
Ekimenaren helburua adin guztietako bizkaitarrei Garapen Iraunkorreko Helburuak hurbiltzea da, adin guztietako pertsonek modu ludiko eta dibertigarrian barneratu ahal izan ditzaten
Escape room-ak gero eta modan daude. Horrela, euskara estralurtarrengandik nola babestu pentsarazteko balio izateaz gain (ikus ezazue Euskararen Etxearen kasua), parte hartzaileak kontzientziatzea ere izan dezakete helburu, planetarentzat etorkizun hobea lortze aldera. Kasu honetan, Mundakan antolatu den Garapen Iraunkorreko Helburuen (GIH) escape roomaz ari gara, bizkaitarrei helburu horiek hurbiltzea bilatzen duen ekimena, adin guztietako pertsonek modu ludiko eta dibertigarrian horiek barneratu ahal izan ditzaten.
Familiak eta gazteak 'Jasangarritasunaren aldeko Scoutak' izango dira asteazken eta ostegun honetan, abuztuaren 9an (17.00etan eta 21.00etan) eta 10ean (16.00etan eta 21.00etan), udalerri bizkaitarreko Frontoian egingo den ekimen honetan. Ekimenak elkarlaneko hainbat erronkatan jarriko du parte-hartzailea, eta probak gainditzen joan beharko du, beharrezko intsignia guztiak lortzeko, eta, horrela, aipatu bezala, planetarentzat etorkizun hobea lortzeko.
Izan ere, hor doaz Garapen Iraunkorraren helburuetako batzuk: pobreziaren amaiera; osasuna eta ongizatea; genero berdintasuna; ur garbia eta saneamendua; energia eskuragarria eta ez kutsatzailea; lan duina eta hazkunde ekonomikoa; desberdintasunen murrizketa; hiri eta komunitate iraunkorrak; urpeko bizitza; lurreko ekosistemen bizitza...
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, murgiltze-esperientzia honek 60 minutu irauten ditu eta doako jarduera da, baina aldez aurretik izena eman behar da mezu bat bidaliz hona: harrera.mundaka@bizkaia.org. Parte-hartzaileek escape roomeko game masterrak izango dituzte lagun, eta, behar duten informazio guztia emateaz gain, jardueran lagunduko diete, erronkak gainditzeko pistarik behar izanez gero.
Ekimen hau 'BBK Herriz Herri' ekimenaren barne dago, Bizkaiko 80 udalerritan baino gehiagotan egongo dena. Proiektu horren esparruan, udalek gizarte-inpaktu positiboko ekimenak egiteko aukera dute, horien artean, esate baterako, gaur protagonista dugun Garapen Iraunkorreko Helburuen escape rooma.