https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Errutoki artifizial gehiago Araban, uhalde-enara espezie mehatxatuarentzat

Uhalde-enara bat irudikatzen duen marrazkia./E.C.
Uhalde-enara bat irudikatzen duen marrazkia. / E.C.

Dagoeneko zenbait errutoki daude, baina beste bi toki aukeratu dituzte errutoki gehiago jartzeko

PAUL PICADO

Uhalde-enara espezie mehatxatua da Araban. Hori dela eta, dagoeneko zenbait errutoki artifizial badaude ere, esaterako, Salburuan eta Mendixurren, errutoki artifizial gehiago egingo dituzte beste bi tokitan, espeziearentzat oso egokiak direlako. Alde batetik, Ixonako urmaela aukeratu dute, Arabako lautadan dagoena, eta bestetik, Errekaleor ibaia, Gasteizko Arkaiate auzoan. Uhalde-enara han geratzen da migrazioan, eta sasoikako kolonia txikiak ere aurkitu dituzte.

Uhalde-enararen arazorik handiena da habiak egiten dituen ibaietako ezpondak aldatu behar direla. Horma hondartsuetan egiten ditu habiak, koloniak han finkatzeko. Beraz, etengabe aldatzen diren meandroak behar ditu, urtero ezponda berriak sor daitezen. Hori ez denez gertatzen, espezie honentzako habia-kutxak egin dituzte, Europako beste leku batzuetan emaitza ona lortu dutelako.

Errutoki artifizial bakoitzaz erakunde bat arduratuko da. Horrela, Ixonako habia-kutxaren ardura Burgeluko udalerriak hartuko du, eta Errekaleor ibaiko kutxarena, berriz, Errekabarri guraso elkarteak. Burgelun ingurune naturala zaintzeko zenbait proiektu ere egiten ari jadanik, eta Errekabarriren kasuan, hango ikastola eraikitzen ari dira, gaur egun, habia-kutxatik oso metro gutxira.

Bi erakundeak beste jarduera batzuk ere egiten ari dira, proiektuaren berri emateko, eta parte-hartzaile gehiago erakartzeko. Horrela, joan den asteburuan zenbait hegaztiri eraztuna jarri zizkieten, eta maiatzean beste bi jarduera egingo dituzte, uhalde-enararentzat egindako habia-kutxek arrakasta izan duten ala ez ikusteko, eremuko abifauna ezagutzeko eta beste hegazti batzuentzako habia-kutxak egiten ikasteko, betiere material birziklagarriak erabiliz.