Errotaz errota eramango gaituzte Zeanurin igandean
18 kilometroko ibilbidea antolatu dute Zeanuriko Erroten XVI. Ibilaldian, Joko Alai Elkarteko kideen eskutik. Fermin Pujana omenduko dute, Olabarriko errotaria iazko abuztuan hil zen eta
Leire Larrazabal
Viernes, 5 de mayo 2023, 20:39
Taloa, gozo-gozoa. Baina ba ote dakigu nola egiten den arto-irina taloa jateko? Igandean Zeanuriko Erroten XVI. Ibilaldia ospatuko da, 8.30etik aurrera, Herriko plazan (6 euro. Berriz, Joko Alai Elkarteko bazkideak, 4 euro, eta 14 urtetik beherako umeak, doan). Ibiltariek zenbait errota bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Bestetik, aurten, urtero, Olabarriko errota erakusten izan duen Fermin Pujana gogoan izango dute, iazko abuztuan hil baitzen. Antolatzaileek irteeran oroitzapen ekitaldi bat egingo dute.
Irteera 9.00etan izango da eta 18 kilometroko ibilbidea prestatu dute, haurrentzat ibilbide laburra: 12 kilometrokoa. Joko Alai Elkarteak antolatuta, Herriko plazatik abiatuko da. Altziber eta Errotabarri -hemen sartu-irtena egiteko eta errota martxan ikusteko aukera izango da- erroten ondotik igaro ondoren, Undurragako urtegiaren ertzetik aurrera egingo dute parte-hartzaileek. Urtegia atzean utzi bezain laster, Barrengoerrota aurkituko dute Beretxikorta errekatxoaren ertzean. Agarre baserriaren ingurutik aurrera eginez, Undurraga auzunera jaitsiko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeko; hemen ere, ateak zabalik izango dira eta nahi dutenek errota lanean ikusteko aukera izango dute. Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik berriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo diote -oraingoan beste aldetik-; urtegiaren presatik 100 metro aitzina, Alkiberren, indarrak berritzeko jan-edana banatuko da.
Behin indarrak hartu ondoren, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ondotik igaro ostean, azken kilometroa betetzen hasiko dira; helmuga baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errota azalduko da, Olabarrikoa -Pujana familiak erabat zaharberritua-, eta sartu-irtena egiteko aukera izango da, Zeanuriko plazara iritsi eta ibilaldiari amaiera eman aurretik.
Beraz, ibiltariek, «erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gain, udaberrian naturak azaltzen duen koloreen eta usainen sinfoniaz gozatzeko aukera izango dute», azaltzen dute Joko Alai Elkarteko kideek.