«Erronkaz beterik datorren azoka berrasmatzea»
Leire Urbeltz artistak Durangoko Azokaren lehenengo urteak izan ditu gogoan ‘Desipuindegia’ izeneko kartela diseinatzerako orduan
Nahikari Cayado
Igandea, 5 abendua 2021, 10:57
«Ohore handia» izan da Leire Urbeltzentzat Durangoko Azokako kartela diseinatzea. 36 urteko ilustratzaile iruindarrak 'Desipuindegia' izeneko lana sortu du 56. edizio honi ongietorria emateko, diseinu benetan koloretsua eta alaia. «Ilusio handia egiten dit, baina ardura ere handia sentitzen dut, Azokak duen garrantziagatik», aitortu du sortzaileak. Kulturaren plaza erraldoiak aurten izango duen hibridotasuna -historian lehenengo aldiz digitala eta presentziala izango baita- txertatu nahi izan du irudian, eta horretarako sortu ditu Kili eta Kuir izeneko bi pertsonaia alai.
Kartelaren sorkuntzarako, Durangoko Azokaren lehenengo urteak izan ditu gogoan: gaur egunera ekarri ditu, beraz, 60ko hamarkadakoak. «Erronkaz beterik datorren pandemiaren osteko azoka berrasmatu nahi izan dut», adierazi du artistak bere lanaren gainean. Horrela bada, Rikardo Arregi eta Joseba Sarrionandia izan ditu erreferentetzat. Zergatik ote? Bada, Durangoko Azokaren lehen edizioan ‘gogor’ lan egin zuten idazleak izan zirelako. «Azoka garai ilunetan sortu zen, eta gu, oraindik ere, garai ilunak bizitzen ari gara pandemiaren ondorioz. Bi egoera horien paralelismoa egin nahi izan dut», argitu du Iruñako artistak Landako gunean, kartela jendaurrean aurkeztu duen egunean.
Azkenaldian ohikoa duen kolore bizi eta irudi moderno eta fantastikoekin osatu du irudia ilustratzaileak, eta, aitortu duenez, garai bateko ‘Kili-kili’ aldizkariko pertsonaia nagusia izan du gogoan haren bi bertsio eguneratu sortzeko, aipatu ditugun Kili eta Kuir, alegia. Horiekin batera, kartelean kulturaren plaza osatzen duten hainbat elementu topa daitezke, hala nola biniloak edota liburuak. Hori dena, Anboto mendiaren magalean kokatuta, azoka ospatzen den Durangoko herriari erreferentzia argia eginez.
Leire Urbeltzek «ilustrazio hedatutzat» definitzen du bere praktika artistikoa, ilustrazioaren mugekin maila formalean edo kontzeptualean esperimentatzen duena, hizkuntzaren espazioa zalantzan jarriz. Sortzen dituen lanen bidez, mundu baztertuak eta kalteberak birsortzeko interesa du, mugak paperezko eraikuntza hauskorren eta kolore-aniztasunaren bidez lasaitzeko ahaleginean. Ildo berean, haren begiradak testuinguru sozialak islatzen ditu, hala nola sasoi ezberdinetako emakumeak, mugako txikanoak edo 60ko eta 70eko hamarkadetako musika-kontrakulturako abeslariak.
Gaztea bada ere, Urbeltzek ibilbide profesional luzea du dagoeneko artearen munduan. Hona hemen egin duenaren lagin bat: Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederren lizentziatura eta Ikerketa eta Sormena Artean masterra ikasi zituen. Ondoren, Bartzelonan eta Madrilen eman zien jarraipena ikasketei. Bere lanak munduko toki askotan izan dira ikusgai, hala nola Hego Koreako hiriburu Seulen, Mexikoko Juarezen, Pekinen eta Estatu Batuetan, beste hainbesteren artean. Horretaz guztiaz gain, Huarteko Arte Garaikideko Zentroan ibili da lanean zazpi urtez. Gaur egunean, aldiz, sormen lana uztartzen du bitartekaritza eta hezkuntza lanekin Nafarroako Unibertsitate Publikoan.