https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Errezitaldi itzela, Urrutikoetxeak Bilboko Bizkaia Pilotalekuan erakutsitakoa

Errezitaldi itzela, Urrutikoetxeak Bilboko Bizkaia Pilotalekuan erakutsitakoa

Zaratamarra 8 eta 22 gailendu zitzaion Oinatz Bengoetxeari

UNAI SARRIUGARTE

Partida ikaragarria pasa den igande arratsaldean Bilboko Bizkaia pilotalekuan bizi izan zena. Mikel Urrutikoetxea nor baino nor aritu zen Oinatz Bengoetxearen aurka. Aurrelari bizkaitarra banakako txapelketako finalerdietarako hirugarren sailkatua da.

Partida hasiera batean parekatu xamar egon zen, 6 eta 10 ipini ziren. Hortik aurrera zaratamar aurrelariak hartu zuen testigua. Leitzako aurrelariaren erresistentzia ahultzen joan egin zen partidak aurrera egin ahala, Urrutikoetxea oso eroso ibili baitzen.

Urrutikoetxeak txokoan eta zabalean egindako exekuzio bikainek leitzar aurrelariaren pazientziarekin amaitu zuten. Era berean, Urrutikoetxeak eskainitako buru-argitasun eta joko luzeak, finalerako txartela lortzeko aukera eman zion. Izan ere, zaratamarrari pilota bizi irten zitzaion eskutik.

Bengoetxea VI.a, berriz, ez zen batere eroso ibili pilotalekuan. Urrutikoetxeak atzean aurkeztutako errezitaldiaren ondorioz, leitzar aurrelariak frontisetik urrun jokatu behar izan zuen. Era berean, Bengoetxea VI.ak erasoan aurkeztutako egoera makala zela medio, pilota asko oparitu zizkion aurkariari.

Aurrelari bizkaitarra buruz buruko txapelketaren hirugarren sailkatua da. Aurretik, txartela lortu zuten Iker Irribarriak eta Joseba Ezkurdiak. Urrutikoetxeak Ezkurdiarekin neurtuko ditu indarrak datorren maiatzaren 17an Bilboko Bizkaia Pilotalekuan ospatuko den finalerdian.

Bestalde, Danel Elezkanok eta Peio Etxeberriak elkarren aurka jokatuko dute azken kanporaketa. Norgehiagoka hau irabazten duena izango da finalerdietarako laugarren sailkatua. Irabazleak Irribarria izango du aurkari, maiatzaren 19an, Eibarko Astelehena pilotalekuan.

Temas

Euskera