https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Erresistentzia

Lev Tolstoiren 'Hadji-Murat' liburuaren azala./
Lev Tolstoiren 'Hadji-Murat' liburuaren azala.

JAVIER ROJO

'Hadji-Murat' Lev Tolstoik idatzi zuen azken idazlanetako bat izan zen, idazlea hil ondoren argitaratua. Beste edozein egileren eskuetan liburu honetan kontatzen dena abentura nobela bihurtuta agertuko zen, baina Tolstoiren eskuetan gaia bestelako zertzeladaz horniturik dago. Izan ere, nobela honetan kontatzen den argumentua XIX. mendearen erdialdean kokatzen da, Errusiako inperioak Kaukaso aldean aurrera zeraman hedatze-gerran. Txetxeniarren buruzagietako bat da Hadji-Murat, nobelari izenburua emateko balio duen pertsonaia ia mitikoa. Edonola ere, irakurleak pentsatzen badu pertsonaia horren biografia-edo eskainiko zaiola liburuan, oker dago. Pertsonaiaren bizitzaren atal oso zehatzean oinarritzen da argumentua, istorioa Hadji-Murat eta bere jarraitzaile batzuk Shamil bertako buruzagi nagusiarengandik ihesi eta errusoengana doazenean hasten da-eta. Desertzio bat, itxuraz, besteen alderdira pasatzeko, Shamil eta Hadji-Muraten arteko ikusezina nabarmena baita. Errusoen artean dagoen bitartean, Hadji-Murat ahaleginduko da bere familia Shamilen bahituratik askatzen, baina hori ez dela gertatuko ikusita, errusoengandik ere egingo du ihes, ahalegin zoro batean. Beraz, protagonistaren bizitzaren azken hilabeteetan gertatutakoa kontatzen zaigu.

Datuak

Egilea: Lev Tolstoi. Itzul.: Josu Zabaleta. Argitaletxea: Meettok. 232 orr. Donostia, 2017. 15 euro

Tolstoik, dena dela, gertakari horiek erabiltzen ditu beste gauza batzuk adierazteko, besteak beste, Kaukasoko gerretan agintari zeuden errusoak kritikatzeko. Aristokraziako kide hauek helburu bakarra zuten, tsarraren aurrean nabarmentzea haren sariak jasotzeko. Eta hori helburu zelarik, antolatzen dituzte gerra ekintzak. Iruzur handi batean mugitzen dira, txosten faltsuak-eta bidaltzen, tsarraren asmoa beren nahietara mugitzeko. Bestalde, tsarra bera egolatra kapritxoso baten moduan presentatuta dago, errealitatearekiko inolako erlaziorik gabe. Hauen aurrean soldadu soilak daude, jopu moduan erabiltzen dituztenak, eta Hadji-Murat eta txetxeniarrak.

Tolstoik kontakizunean ez du ia iritzirik ematen, nahikoa du egoerak aurkeztea. Eta miresmen puntu bat dago Hadji-Muraten aldera, historiaren gorabeheren aurrean naturalezatik hurbilago dagoen pertsonaren erresistentzia errepresentatzen duen aldetik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos